Estropada biribila

Gipuzkoako Batel Ligako 9. jardunaldia jokatu da asteburuan Donibane Lohitzunen. Tolosaldeko Arraun Klubak 3 garaipen lortu ditu.

Gipuzkoako Batel Liga amaierara iristen ari da. Azken hondarretan sartuta gaude. Joan den asteburuan 9. jardunaldia jokatu genuen eta 11 jardunaldi ditu ligak. Asteburuko estropada martxoaren 17an jokatu zen, larunbatean, Donibane Lohitzunen.

Ohiko ordenean izan zen estropada. Eta Tolosaldeko Arraun Klubarentzat hasiera ezinhobea izan zuen estropadak. Garaipen guztiak bata bestearen atzetik etorri ziren. Infantil neskek lortu zuten lehen garaipena, Tolosaldea A batelak denborarik azkarrena eginda: 5:15:59. Orio eta San Juan A sailkatu ziren atzetik, Tolosaldea B zazpigarren postuan helmugaratu zen.

Alebin nesketan Tolosaldea B izan zen ontzirik azkarrena. 4:53:00 denboran gelditu zuten kronometroa, Orio A eta Hibaika Aren atzetik. Tolosaldea A zazpigarren sailkatu zen eta Tolosaldea C bederatzigarren.

infantil mutiletan iritsi zen jardunaldiko hirugarren eta azken garaipena. Tolosaldea A ontziak estropada irabazi zuen 4:58:98 denborarekin. TAKen atzetik iritsi ziren Orio A eta Tolosaldea B. Eskualdeko bigarren batela ere lehen hiru sailkatuetan izan zen, beraz. Tolosaldea C ontzia zazpigarren sailkatu zen.

Kadete mutiletan ez zuten egunik onena izan Tolosaldekoek. Tolosaldea B ontzia hamargarren sailkatu zen eta Tolosaldea A batela hamahirugarren. Kategoria honetan San Juan B, Orio A eta Zumaia A izan ziren lehen hiru sailkatuak, hurrenez hurren.

Jubenil nesketan fin aritu ziren eskualdekoak. Garaipenik lortu ez arren, San Juango batelaren itzalean helmugaratu ziren Tolosaldeakoak. A ontzia bigarren sailkatu zen eta B batela laugarren.

Neska absolutuetan ordea ez ziren horren emaitza onak lortu. Bata bestearen atzetik helmugaratu ziren TAKeko ontziak, seigarren eta zazpigarren. Lehen hiru postuetan Hibaika, San Juan B eta San Juan A sailkatu ziren.

Jubenil mutiletan laugarren eta bosgarren postuetan helmugaratu ziren eskualdeko bi ontziak, B ontzia laugarren eta A ontzia bosgarren, alegia. Estropadan bizkorrena Getaria izan zen, bigarren sailkatua Zarautz eta hirugarrena Zumaia.

Asteburu honetan hamargarren jardunaldia jokatuko da, martxoaren 25arekin, igandearekin, Orion. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!