Asteburuko errutinari eutsi eta gaur ere Gipuzkoako Batel Ligako jardunaldia izan dugu. Oraingoan Martutenen, goizeko 10:30ean hasita. 8. jardunaldia jokatu da eta aurkeztu ditugun 15 ontzietatik batek lortu du estropada irabaztea. Infantil mutilek garaipen bat gehitu dute dagoeneko betea duten zakura.
Ohiko ordenean aritu dira arraunlariak arraunean. Lehendabizi emakumezko infantilak. Orio izan da gazteenetan azkarrena, 5:09:02 denboran geldituta kronometroa. Atzetik sailkatu dira San Juan A eta Hibaika, eta baita Tolosaldeako bi ontziak ere. A batela laugarren postuan sailkatu da estropada burutik 14 segundora helmugaratuta. B taldea zortzigarren helmugaratu da, 38 segundora.
Infantil nesken atzetik promesa neskak aritu dira. Maila honetan ere oriotarrak izan dira bizkorrenak. Estropadako ibilbidea egiteko 4:51:25eko denbora behar izan dute. Bigarren sailkatua Getaria izan da eta hirugarrena Tolosaldea A, ibilbidea 11 segundo gehiagotan eginda. Tolosaldea B ontzia seigarren postuan sailkatu da eta C ontzia hamahirugarren.
Promesa neskek eta gero infantil mutilak heldu diote estatxari. Orduan iritsi da jardunaldiko lehen garaipena. Lehena eta bakarra. Infantil mutilen A ontziak aurrea hartu du estropadaren lehen unetik eta ziabogara estropada buruan iritsi da. Helmuga zeharkatzen ere azkarrena izan da, kronometroa 5:01:27 minutuan geldituta. A taldearen atzetik oriotarrak sailkatu dira eta, gero, hirugarren postuan, Tolosaldea B ontzia. 47 zentesima beranduago helmugaratu da Orioko batela eta 12 segundo beranduago Tolosako B ontzia.
Infantil mutilen atzetik kadete mutilak egin dute arraun. Tolosaldeak bi ontzi aurkeztu ditu kategoria honetan. Sailkapenaren lehen hiru postuetan San Juan B, Orio A eta San Juan A sailkatu dira. Tolosaldeako B ontzia bederatzigarren sailkatu da eta Tolosaldea A taldea hamahirugarren.
Jubenilen txanda izan da ondoren. San Juango neskak lortu dute garaipena 11:05:58 denboran eginda beren lanak. Oriotarrak 21 segundora sailkatu dira eta beren atzetik helmugaratu dira Tolosaldeko bi ontziak. Lehendabizi A taldea, estropada burutik 23 segundora eta ondoren B ontzia, 34 segundora.
Emakume absolutuen estropada izan da jarraian. Hibaika A izan da maila honetan bizkorrena. 10:05:87 denborarekin garaipena lortu dute errenteriarrek. Atzetik sailkatu dira tolosarrak segundo bakarrera. Tolosaldeako B ontzia zortzigarren postuan helmugara da.
Tolosaldearen izenean arraun egiten azkenak jubenil mutilak izan dira. Kategoria honetan ere bi ontzi aurkeztu ditu Tolosaldeko Arraun Klubak. A ontzia izan da bietan azkarrena Getariaren eta Zarautzen atzetik sailkatuta. 9:45:04eko denbora behar izan du A taldeak estropada bukatzeko eta 9:48:29ko denbora B ontziak. Bosgarren postuan sailkatu dira azken hauek.