San Joanen atarian, estropadak

Erabiltzailearen aurpegia TAK Tolosaldeko Arraun Kluba 2016ko ekainaren 15a

Igande honetan, ekainaren 19an, 11:00etan, batel estropadak izango dira Oria ibaian.

Sanjoanak ate joka dauden honetan, San Joan saria izango da jokoan igande honetan Oria ibaian. Apiriletik lehiatu gabe daude arraunlariak, dagoeneko 2016 denboraldiko txapelketak bukatu baitituzte. Batelek trainerillei pasa zieten testigua; eta trainerillek, trainerei. Dena den, ordutik ez diote utzi arraunean egiteari. Ohi legez enbarkaderora etorri dira astero-astero, estropuak eta eskuak zakartzera. 

Igande honetan, 11:00etan hasita –gaizki dago egitarauan–, erlojuaren kontra arituko dira arraunlari gazteak. Zerkausi parean hasi eta zubia pasata eta gero, pista patines parean hartuko dute ziaboga. Han ziaboga eman eta berriz ere zerkausirako bidea egin beharko dute. Guztira 1.000 metroko ibilbidea izango da, 500 luze bakoitzean. 

Minuturo ontzi bat aterako da, erlojupeko proba izango baita. Denbora onena egiten duenak irabaziko du. Oraingoz lau taldek eman dute izena: Sanpedrok, Hibaikak, Hernanik eta, nola ez, Tolosaldeak.

Larunbatean ere arraun festa

Larunbatean Tolosako arraunzaleen txanda izango da. Goizeko 11:00etan hasita, elkarteen arteko topaketa solidarioa izango da. Iaz bezala, aurten ere Pausoka elkartearen aldeko festa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!