Bi zita garrantzitsu genituen asteburuan, ligari ginga jartzeko munta handiko bi hitzordu. Bata, Orion, larunbatean; bestea, Getarian, igandean. Ospakizunekin ekin genion asteburuari, larunbateko lehen estropada irabazi egin baitzuten infantil neskek. 04:45,18 behar izan zituzten bi luzeak egiteko. Hasieratik jarri ziren estropadaren buruan, ziabogan 11 segundoko aldearekin sartu ziren eta 23 segundoko tartearekin irabazi zuten estropada. Gainontzeko kategoriatan ez genuen podium posturik lortu, jubenil nesketan salbu. Hirugarren sailkatu ziren tolosarrak.
Igandeko helburua, irabazitakoa ez galtzea
Larunbatean etxekolanak eginda etxeratu ginen. Ligaren hondarretan geunden eta etxerako bidea sei domina lepotik ia-ia zintzilik genituela egin genuen. Igandeko helburua ia jantzita genituen dominak ez galtzea zen. Seitik bat galdu bagenuen ere, eta igandean podiumeko koska altuenera igo ez baginen ere, zilarrezko eta brontzezko bost domina eskuratu genituen.
Getarian izan behar zuen estropada Pasaian izan zen. Eguraldi txarragatik leku aldatu zuten estropada. Getariako itsaso irekian izan beharrean, bi mendien magalean babestuako Pasaiako badiara. Haizeak hostoak bezala mugitzen zituen batelak. Baldintza horietan, ordura arte lortutakoari eustea besterik ez zen gelditzen.
Arraunari eta estatxari tinko eutsi eta epaileak esan orduko ahalik eta dotoreen arraun egitera mugatu ginen. Kronometroa ahalik eta azkarren gelditzen saiatu ginen. Ez zen posible izan emaitza onak eskuratzea, itsasoa oso harro eta haizea oso fuerte baitzebilen. Arraunean ondo egin arren, ezinezkoa zen emaitza onak lortzea. Bi taldek -infantil eta jubenil neskek- bakarrik lortu zuten lehen hiru postuetan sailkatzea. Dena den, jarritako helburua ia osotasunean bete genuen. Sei domina eskuratzekotan ginen eta bost izatea lortu genuen.
Bost domina Tolosara
Infantil mutilak podiumaren atarian gelditu ziren. Laugarren postu gazi-gozoa lortu zuten, 209 punturekin. Jubenil mutiletan ere podiumetik urrats bakarrera gelditu dira tolosarrak. Baina gainontzeko bostak podiumera igo ziren: hiru podiumaren bigarren koskarik altuenera eta bi koskarik baxuenera.
Infatil nesketan A eta B taldeak igo ziren podiumera. A taldeak zilarrezko domina eskuratu zuen -146 puntu- eta B taldeak brontzezkoa -116 puntu-. Hibaika izan zen kategoria honetan onena, 153 punturekin. Kadeteetan Hibaika eta Orioren atzetik sailkatu zen TAK, 186 punturekin. Kadete mutiletan Orioren itzalean eta Zarautzen aurretik sailkatu dira tolosarrak. Jubenil nesketan bigarren sailkatuak izan dira TAKeko arraunlariak, Orioren atzetik eta Pasaiako bateleren aurretik.
Hauek dira, beraz, dominak lortu dituzten taldeak:
Infantil neskakTolosaldea A: zilarra
Tolosaldea B: brontzea
Kadete neskak
Tolosaldea A: brontzea
Kadete mutilak
Tolosaldea B: zilarra
Jubenil neskak
Tolosaldea A: zilarra
Gipuzkoako Ligatik, Gipuzkoako Txapelketara
Datorren asteburuan, apirilaren 16an eta 17an Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatuko da. Larunbateko zita Pasaian izango da, arratsaldeko 16:00etan. Igandekoa ere Pasaian izango da, goizeko 10:00etan.