Hanka onarekin hasi genuen larunbateko estropada. Oriako uretan estroboak hartu, batela uretaratu eta tosta berotzen lehenak infantil neskak izan ziren. Lehen estropadan lortu genuen asteburuko garaipena, 28 zentesimagatik Hibaikaren aurretik gelditu baitzen TAK A taldea, 05:03:72 denborarekin. Tolosaldea B ontzia hirugarren postuan helmugaratu zen. Kategoria honetan parte hartu zuten bi batelak podium postuetan sailkatu ziren.
Kadeteek ere maila txukuna eman zuten, hiru segundo eskasengatik hirugarren postuan helmugaratu baitziren, Hibaikaren eta Orioren atzetik. Errenteriarrek 4:54:60ko denbora behar izan zuten ibilbidea egiteko. Oriok segundo bat gehiago eta TAK Ak hiru segundo gehiago. Tolosaldeako beste bi ontzik ere hartu zuten parte estropada honetan, eta seigarren eta zortzigarren postuetan sailkatu ziren.
Infantil mutiletan bi ontzi uretaratu zituen Tolosaldeak. Bata bestearen atzetik helmugaratu ziren. Lehendabizi TAK A taldea, seigarren, 5:17:38 denborarekin, irabazlearengandik 31 segundora; ondoren, TAK B, zortzigarren, estropada burutik 43 segundora.
Kadeteetan bigarren postu gozoa lortu zuten tolosarrek. Orioren atzetik helmugaratu ziren, hiru segundora, 6:54:81 denbora eginda. Tolosaldea A ontziak zortzigarren egin zuen kategoria honetan.
Jubenilek itxi zuten, TAKi dagokionez, larunbateko saioa. Lehendabizi neskek egin zuten arraun, eta, Tolosaldea A ontzia hirugarren postuan sailkatu zen, Orioren eta San Juanen atzetik. Oriotarrek 10:07:84 denboran gelditu zuten kronometroa. Tolosarrek bederatzi segundo gehiago behar izan zituzten.
Mutilek hartu zuten ondoren estatxa. Bi ontzi aurkeztu zituen TAKek kategoria honetan. A ontziak laugarren egin zuen. Hiru segundogatik podiumaren atarian gelditu ziren urdinak. San Juan izan zen kategoria honetan azkarrena, eta atzetik Hernani eta Getaria sailkatu ziren. Tolosaldea Bk hamargarren egin zuen.