Asteburuan bi estropada irabazi ditu TAKek

Asteburuan Gipuzkoako Batel Ligako bi jardunaldi jokatu dira. Kadeteek larunbatean irabazi egin zuten eta jubenilek igandean.

Gipuzkoako Batel Ligako bi jardunaldi jokatu dira asteburuan. Larunbatean Errenterian eduki zuten hitzordua, eguerdiko 12:00etako kanpaiekin hasi zen estropada. Minutuz minutukoa izan zen estropada, bi luze eta ziaboga bakarrarekin.

Infantil neskak izan ziren arraun egiten lehenak. Tolosak bi ontzi aurkeztu zituen kategoria honetan. A ontzia bigarren sailkatu zen, gutxigatik. Zortzi zentesimagatik Hibaikaren atzetik sailkatu ziren tolosarrak. Hibaikak etxean jokatzen zuen, eta garaipena etxean gelditzea lortu zuten. Tolosako neskek, ordea, hortzak erakutsi eta ia-ia garaipena kendu zieten errenteriarrei. B ontzia seigarren sailkatu zen.

Kadeteetan ere bigarren sailkatu ziren TAKeko neskak, Hibaikaren atzetik. Hiru segundoko aldeagatik irabazi zuten errenteriarrek. B taldeak zortzigarren egin zuen eta C taldea helmuga zeharkatzen bederatzigarrena izan zen.

Infantil mutiletan podiumeko postuetatik kanpo gelditu ziren tolosarrak. Ozta-ozta ez zen lehen hiru postuetan sailkatu A taldea, bi segundorengatik. Laugarren postuan helmugaratu ziren urdinak. B taldea seigarren sailkatu zen. 

Kadeteetan estropadaren buruan izan ziren hasieratik tolosarrak. Lehen ziabogara aurretik iritsi ziren, denbora azkarrena eginda; eta estropada ere kronometroa azkarren geldituta bukatu zuten. 6:05:78 denbora behar izan zuten ibilbidea egiteko. Bigarren Hernani eta hirugarren Orio sailkatu ziren. Seigarren postuan sailkatu zen Tolosaldea A eta hamabigarren Tolosaldea C.

Jubeniletan, lehendabizi emakumeak egin zuten arraun. Tolosarrak bigarren sailkatu ziren, Orioren atzetik, hiru segundora. Mutilek hirugarren egin zuten, San Juan eta Getariaren atzetik, irabazlearengandik hamahiru segundora. B batela hamargarren postuan sailkatu zen.

Igandean beste garaipen bat

Oria ibaian egin zuten arraun igandean, baina ez etxean, Orion baizik. Infantil neskek koska bat egin zuten gora igandean. A batela bigarren sailkatu zen, Hibaikaren atzetik; eta B taldea hirugarren. Oraingoan ere gutxigatik gailendu ziren errenteriarrak, 96 zentesimagatik.

Kadeteetan podiumeko azken koskan sailkatu ziren tolosarrak. A ontzia Hibaika eta Orioren atzetik sailkatu zen, lau segundoko tartearekin. B taldeak zazpigarren egin zuen eta C taldeak bederatzigarren. 

Infantil mutilek ere podiumeko hirugarren postua lortu zuten. Zumaia eta Orioren atzetik sailkatu ziren Tolosako mutilak, hamaika segundora. B taldea zortzigarren sailkatu zen.

Kadeteetan bigarren postuan helmugaratu ziren tolosarrak, Zarautzen atzetik, zortzi segundora. Tolosaldea A ontzia zazpigarrena izan zen. 

Jubenilek itxi zuten estropada. Lehendabizi neskek egin zuten arraun. Irabazi egin zuten estropada, Orio lau segundora utzita. Tolosarrek nagusitasunez irabazi zuten estropada, ziabogara ere azkarren iritsi baitziren. Helmugara 10 minuturen azpitik iritsi zen talde bakarrak izan zen.

Mutilek hirugarren egin zuten, Getaria eta San Juanen atzetik, lau segundora. Larunbatean bezala, errepikatu egin ziren lehen hiru postuak. B taldeak hamargarren egin zuen.

Ikusi Joxeju Olasagasti oriotarrak ateratako argazkiak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!