Igandeko estropadaren ardura gurea zen. Aurreko asteburuan ez bezala, oraingoan eguraldia lagun izan genuen. Eguzkipean jokatu genuen Gipuzkoako Batel Ligako seigarren jardunaldia.
Ohi bezala, infantil neskak izan ziren uretaratzen lehenak. 10 batelek egin zuten Zerkausitik zubi azpirainoko joan-etorria. Eta hamar horietan azkarrena Tolosaldea A ontzia izan zen, etxekoa. 5:10:11 denbora behar izan zuten ibilbide hori egiteko. Ziabogara estropadaren buru zirela iritsi ziren eta Hibaikarekiko zuten bost segundoko tarte horri eutsio zioten amaierara arte. Tolosaldea B ontziak hirugarren egin zuten, 27 segundora.
Kadeteak izan ziren estatxari eusten bigarrenak. Hamasei ontzi nor baino nor. Tolosaldeatik lau batel uretaratu ziren eta A ontziak bigarren egin zuen, San Juanen atzetik, 41 zentesimara. Ozta-ozta irabazi zuten arroxek, gutxigatik. Lehen hiru sailkatuen arteko lehia bizi-bizia izan zen. Ziabogara parean iritsi ziren, 2:51eko denbora behar izan baitzuten hirurek lehen luzea egiteko. Bigarren luzean ere estu-estu ibili ziren. Helmugaratzen lehena San Juan izan bazen ere, hirurak segundo berean gelditu zuten kronometroa. Zentesimek argitu zuten sailkapena.
Behin neskek beren lanak eginda gizonezkoen txanda iritsi zen. Infantil mutiletan 17 batelek hartu zuten parte, Tolosatik bik. A taldeak hirugarren egin zuen Zumaiaren eta Orioren atzetik, 14 segundora. B taldeak zortzigarren egin zuen 33 segundora. Horiek ere bi luze egin behar izan zituzten, hau da, ziaboga bakarra hartu behar izan zuten.
Kadete mutilek ere lan berbera egin behar izan zuten, bi luze eta ziaboga bat. Lan horiek egiten azkarrena Orio A izan zen. Tolosaldeako hiru ontzietatik azkarrena Tolosaldea B batela izan zen. Hirugarren sailkatu ziren zortzi segundora. A ontziak zazpigarren egin zuen eta C ontzia 11. postuan helmugaratu zen.