Hasiera paregabeari, jarraipen ona

Asteburuan bi estropada izan dira. Larunbatean, Donibane Loitzunen; igandean, Pasaian. TAKeko arraunlariek emaitza onak lortu dituzte.

Urdazuri ibaian uretaratu genituen ontziak larunbatean, Donibane Loitzunen. Hamaiketakoa bazkaria izan zen guretzat larunbatean, estropada eguerdiko 15:00etan hasten baitzen eta delegatuak 13:30ean bildu baitziren. Tolosatik hamabost ontzi aurkeztu ziren, hainbat kategoriatan.

Infantil neskak izan ziren estatxa hartu, estropua jarri eta arraunari ematen lehenak. Bi batel lehiatu ziren kategoria horretan. A taldea bigarren helmugaratu zen, txapeldunarengandik hiru segundora, 5:08:02 denbora eginda. B taldea hirugarren sailkatu zen, 05:25:87 denborarekin. 

Hauen atzetik, kadete neskek egin zuten arraun. Tolosaldeako lau ontzik hartu zuten parte eta horietako batek, A taldeak, podiumeko azken koskara igotzea lortu zuen. Hirugarren egin zuten 05:04:24 denborarekin. C ontziak seigarren egin zuen, D taldeak zortzigarren eta B batelak bederatzigarren. Guztira hemezortzi ontzi lehiatu ziren maila honetan.

Infantil mutilak heldu zioten ondoren estatxari. A taldea laugarren helmugaratu zen, 05:18:94 denboran geldituta kronometroa. B ontziak zazpigarren egin zuen, 05:41:54 denborarekin. Kategoria honetan ere batel ugarik hartu zuten parte, hamazazpik guztira.

Infantilen atzetik, kadeteek egin zuten arraun. Tolosaldea B taldeak hirugarren egin zuen, Orioren bi ontzien atzetik. 06:49:66 denborarekin, irabazlearengandik bost segundora sailkatu zen. A taldeak seigarren egin zuen eta C taldeak hemeretzigarren. 

Estropadaren hondarretan jubenilek egin zuten arraun. Lehendabizi emakumezkoek. Tolosaldea A taldeak bigarren egin zuen, San Juanen ontzitik bi segundora helmugaratuta. Emakumeak eta gero, gizonezkoek. Eta, mutiletan, A taldeak hirugarren egin zuen 09:03:25 denborarekin; eta, B taldeak, hamaikagarren.

Igandean irabaztea lortu zuten jubenil neskek

Igandean Pasaian izan zen estropada, Gipuzkoako Batel Ligako hirugarrena. Goizeko 11:30ean hasi zen estropada, ohi bezala, infantil neskekin. Tolosaldea A ontzia bigarren sailkatu zen, 05:08:06 denborarekin. B taldea laugarren sailkatu zen, kronometroa 05:33:03 denboran geldituta.

Kadete nesketan, beste behin, hirugarren postuan sailkatu zen A taldea. 04:53:81 denborarekin Hibaikaren eta Orioren atzetik sailkatu ziren urdinak. B taldeak zazpigarren egin zuen, D taldeak zortzigarren eta C taldeak hamaikagarren. 

Infantil mutiletan ere errepikatu egin zuen larunbateko emaitza A taldeak. Laugarren egin zuten 05:22:84 denborarekin. B taldeak koska bat behera egin zuen eta zortzigarren sailkatu zen, 05:38:89 denborarekin.

Kadete mutiletan, ordea, koska bat gora egin zuen B taldeak. Bigarren sailkatu ziren tolosarrak, Orioren atzetik, 06:58:87 denbora eginda. A taldeak zazpigarren egin zuen 07:22:04 denborarekin; eta, azkenik, C taldea hemeretzigarren sailkatu zen 07:46:37 denborarekin.

Ondoren, jubenil neskek, asteburuko lehen garaipena lortu zuten. 10:25:78 denborarekin lehenak izan ziren helmugako marra zeharkatzen. Lehen ziabogara bigarren postuan iritsi ziren, San Juanen atzetik. Bigarren luzean aurrea hartu zion San Juani eta bigarren ziabogan aurretik jarri ziren. Hirugarren ziabogara estropadaren buru zirela iritsi ziren eta honela amaitu zuten saioa.

Jubenil mutiletan, A taldeak bosgarren egin zuen, 09:42:10 denborarekin. B taldeak hamaikagarren egin zuen, 10:06:87 denborarekin.

Jubenil neskak lider

Asteburuko emaitza guztiak ikusteko aukera duzue. Larunbateko emaitza guztiak, hemen; eta igandekoak, hemen. Orain arteko emaitzak kontuan hartuta, jubenil neskak lider dira 17 punturekin. Atzetik San Juan taldea daukate, bi puntura, 15 punturekin. Eta hirugarren Orio, 11 punturekin.

Infantil eta kadete neskek, eta kadete mutilek ere indartsu hasi dute denboraldia, sailkapen orokorrean bigarren postuan kokatzen baitira. 

Datorren asteburuan laugarren jardunaldia jokatuko dute, igandearekin. Pasaian izango da estropada, goizeko 10:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!