Asteburura begira, motorrak berotzen

Pasa den asteburuan, urtarrilaren 10ean, aurkezpen estropadak izan genituen Oria ibaian. 2016 denboraldirako prest gaudela erakusteko eta asteburuko estropadari begira motorrak berotzeko balio izan zigun zitak.

Eguraldia ez genuen lagun izan. Baina arrauna maite dutenek, euripean bazen ere, aurkezpen estropadan lagundu gintuzten. Goizean goiz, Oria ibaiaren alboan eta zerkausiaren altzoan izan genituen, ikusmiran, arraunlariak animatzen, kluba babesten.

Aurten ere zenbaki potolo bezain biribilak dauzkagu. 104 arraunlarik eman dute izena Tolosaldeako Arraun Klubean. 11 eta 17 urte bitarteko gazteak dira arraunak uretan sartzen egiten duen burrunbak maiteminduta putzura etorri eta arraun egitera animatu direnak. Pasa den urtetik %20eko gorakada izan du izen emateak. Eta gazte horiez gain, beste hamabost lagun ere bagabiltza, lehorretik lanean, 14 batel uretaratu ahal izateko lehorrean izerditu egin behar baita.

104 kopuru polita izatez gain, kuantitatiboki, kualitatiboki ere indartsua da. Harrobi sendoa dugu, maila onekoa, beste klubeentzat garrantzitsua oso. Iaztik, esaterako, 25 arraunlarik utzi dute Tolosako tostartea proiekzio handiago duten klubetara joateko. Eta TAKen horretara prestatzen ditugu. Guztiek arraun egitea nahi dugu, ikasi eta goza dezaten, eta etorkizun hurbilean arraunean jarraitu nahi badute kanpoan ere aukerak izan ditzaten.

Tolosaldeko Atarian azaldu bezala, helburu horrez gain beste bi alorretan ere gabiltza lanean. Batetik, Oztoporik gabeko arrauna ekimenean; eta, bestetik, Ibiurren. Horien inguruan sakon irakutzeko, hemen Atariak landutako albistea: http://ataria.info/tolosa/1452683236134

Oraingo bidetik jarraituko dugu lanean. Gertutasunetik. Pasiotik. Kiroltasunetik. Horrela bizi dugu arrauna, eta Zerkausi azpira gerturatzen den orok aurtengo denboraldian ere arraunean gozatzea gustatuko litzaiguke. Eta, noski, Tolosaldeako herritarrek lehorretik ere arraunarekin disfrutatzea nahiko genuke. Jar gaitezen, bada, 2016-2017 denboraldiari begira. Arraun! 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!