OLERKIA

Atea

Erabiltzailearen aurpegia Carmen eta Silvia Mateo 2023ko urtarrilaren 13a

Aurrean zaitugunean,

irekita nahiago;

izan ere, zerbait baitago

guretzat beste aldean.

Giltza egokia sartuta

edo txirrina sakatuta,

kontua sartzea da

hori da nahi duguna

gure desio kuttuna

baina baimenaren ezak

atzeratu dezake eguna.



Batzuetan, zure parean

kokatzen gara temati

aukera guztiei adi

halakoren batean…

zirrikitu bat bada…

nahiz eta txikia izan…

zeharka jarrita, agian!

sartuko garelakoan.

Besterik ez gure gogoan.



Baina ez zara beti irekitzen.

Edo, irekitzen zara,

bestaldera pasatzen gara,

eta, konturatzerako,

gure poza akabo.

Hobeto geunden lehenago.



Horrelakoetan, guk geuk krisketa askatuta

eta hasierara bueltatuta,

kolpe batez ixten zaitugu.

Gure atzean.



Atzean zaitugunean,

itxita nahiago;

izan ere, inguruan nonahi

ate gehiago dauzkagu zain!



Proba dezagun 23koa orain…

 

Olerkia: Silvia Mateo.

Akuarela: Carmen Mateo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!