OLERKIA

Eguna argitu du!

Erabiltzailearen aurpegia Carmen eta Silvia Mateo 2022ko ekainaren 26a

Zulo iluna, azkenean,

atzean geratu da;

aurrera begiratuta...

zeru urdina haren gainean!

Eguzkiaren diztirak

begiak itxiarazten dizkio

baina igartzen duenak

arima alaitzen dio.

Utzi du bere babesa.

Orain dena da sorpresa,

aurkikuntza, interesa.

Non egon da orain arte?

Hau dena galtzea ere…

Pandemiaren ondoren,

gerra baten hotsak hortxe.

Behar zuen pozaren ordez

dena txarra eta tristea zen

gertaerek ez zioten

ilusio izpirik sortzen!

Eta, konturatzerako,

bizipoza akabo:

itxi zitzaion ahoa

ahuldu gorputz osoa

hautsi egin zen, gaixoa.

Tarteka, argi izpiek

ikusten ez zuen hura

iragartzen zioten;

ikusten zuenak, aldiz,

iluna izanagatik,

itsutzen zuen guztiz.

Eskerrak, halako batean,

ezkortasuna gaindiz,

altxatu eta oreka

lortu duen lehio ertzean.

Hemendik aurrera nahi du

bere burua zaindu

inguruko altxor guztiak

ikusi eta dastatu.

Horregatik, oraingoan,

udako solstizioan,

kopetako kezka zimurrak

kalpar gorri bihurtu,

eta paparra hazita, harro,

hau oihukatu nahi du:

«Kukurrukuku,

EGUNA ARGITU DU!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!