55. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Haurren ahotsak eta kulturaren arteko elkatrukea

Munduko hainbat txokotatik etorritako haur abesbatzak izan ditugu gaurkoan protagonista Leidorren, Tolosako abesbatzen lehiaketan. Lituania, Txina, Korea, Hegoafrika, Letonia eta Indonesiatik etorritako sei abesbatza bikain bildu dira bertan.

Talde bakoitzak bere herrialdeko folklorearen eta musika tradizionalaren zaporea ekarri du oholtza gainera, eta haien jantzi koloretsuek, ahots landuek eta proposamen ezberdinek jaialdia kolorez eta emozioz bete dute. Guztiek interpretatu behar izan duten obra behartua Javi Bustok (1949) sortutako Hegan kantua izan da; hala ere, abesbatza bakoitzak bere ukitu berezia eman dio, beren abesbatzaren ezaugarriak nabarmentzen dituzten estilo eta emozioak gehituz.

Lehenengoak, Lituaniako Kivi children’s choir izan dira arrakasta handiz piztuz ekitaldia. 15 eta 17 urte bitarteko gazteek osatzen duten talde honek Lituaniako herri-kantak, musika erlijiosoa eta garaikidea uztartzen ditu, baita herri-melodiak eta jazz-konposizioak ere. Eszenatokian askatasunez mugitzeko gaitasun handia agertu dute. Ondoren, Txinako The Dream Children’s Choir of Banlam Grand Theatre-ek freskotasuna ekarri digu, lehiaketako gaztetxoenak izanik. Hirugarren, Koreako World Vision Korea Children’s Choir-ek mezu solidario bat helarazi du, beste behin musikaren bidez, gerraren ondorioz eta pobrezian geratu zirenei laguntzeko asmoz sortu baitzen korua, eta harrezkero, Koreako haur abesbatzarik ospetsuenetako bat bihurtu da.

Hegoafrikako Tygerberg Children’s Choir-ek ikusleen emozioak piztu ditu, beren kantu fin eta ahots garatuekin. Jaialdiko bosgarren taldea Letoniako Children’s Choir “Lielvarde" izan dugu, folklore tradizionaleko doinuak eta sormen handiko interpretazioak aurkezten, proposamen anitz eta kementsua aurkeztu dute.

Azkenik, Indonesiako The Resonanz Children’s Choir-ek erakustaldi oso indartsua egin du, erakustaldi paregabea, oso indartsu hasi eta amaitu baitute, ikusleengan inpaktu handia utziz. Avip Priatna maisuak sortu zuen Jakartan egoitza duen abesbatza hau, eta Devi Franciscaren zuzendaritzapean nazioarteko hainbat sari irabazi ditu.

Ederra izan da Javier Bustoren Hegan obraren proposamen ezberdinak entzutea, haur abesbatza bakoitzak bere ukitu eta estilo propiora eramanez. Are hunkigarriagoa, haur abesbatza hauek euskaraz abesten entzun eta ikustea, musika hizkuntza unibertsal bilakatzen baita, eta haien ahotsek kultura ezberdinak batzeko gaitasuna agertzen dutelako. Interpretazio aberats hauek, aniztasunean oinarrituak, Leidor antzokia emozioz eta kolorez bete dute.

Jaialdi honetan argi geratu da haur abesbatzen munduak zer nolako aniztasuna eta aberastasuna eskaintzen dituen. Talde bakoitzak bere herrialdeko doinuak, tradizioak eta estiloak Leidorreko oholtzara ekarri ditu, eta horrek aukera paregabea eskaini die entzuleei kultura ezberdinen berri izateko eta, apur bat bada ere, haien esentzia dastatzeko. Musika, kolore eta emozioz beteriko ekitaldi honek, beste behin ere, haur abesbatzentzako erakusleiho internazional bilakatu du Leidor Antzokia, eta haien interpretazioek herrialde bakoitzeko sustraiak omentzeko topagune bihurtu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!