«Pandemiaren jira-bira honetan dantzak gure barneko beharrak asetzen ditu», hala dio Aiert Beobidek, Haatik Dantza Konpainiako zuzendaria denak eta (H)ik dantza sorkuntza ikastaroko irakasleak. Azken ikastaro hori gazteentzako bideratua dagoen dantza sorkuntza ikastaro bat da. Bertan, dantza garaikidea eta tradizionala uztartzen dituzte, gazte bakoitzaren norbanakoaren errealizazioa eta ongi sentitzea xede izanik.
Gazteek jarrera ausarta ardatz dutelarik, bakoitzaren izatea modu natural batean aurkezten dute dantza eta mugimendu bakoitzean, gauza berriak gorputzean dastatzeko zirraraz baliatuz. A. Beobidek ikastaro horren ezaugarrien artean, talde-lana azpimarratu du: lantalde batean errespetuz egoten ikasteak duen balorea. Bakoitzaren ezberdintasunak onartzen ikastea eta horretaz gozatzea, lantaldean denak bat izatea delako helburu.
Aldi berean, lan indibiduala ere azpimarragarria dela dio Beobidek. Gaur egun bilatzen den berehalako emaitza lortu beharra atzeratu egiten baitu dantzak. Garapen prozesu bat izatean, gauza bakoitza barneratu eta kanporatzeko denbora behar baita.
Horren guztiaren emaitza izan zen larunbatean Alkizan egin zuten erakustaldia. Ekitaldia hiru zatitan banatu zuten, entsegu baten egitura irudikatuz: gorputzaren beroketa lehenengo, pauta batzuk hizpide izanik inprobisazio bat ondoren. Azkenik, bi dantza.
Azken bi dantza horietan entseguetan egiten duten guzti hori islatuz, Olatz Salvadorren Kulunkan eta Xatiro taldearen Beldurrik gabe kantuak erabili zituzten.
Bertaratu ziren ikusleek erakustaldi intimo bat izan zela nabarmendu zuten, dantzari bakoitzaren mundua bere horretan ezagutu ahal izan zutelako, bakoitzaren mugitzeko eta adierazteko modua.
Hasieran aipatu dudan modura, bada beldurrik gabe bizitzeko beste modu bat, ilargian bizi eta oinak lurrean izatekoa, garenaren zatitxo bat erakustekoa. Bai, dantzak mugitzen gaitu eta gure pasioa da.