Kup Taldea 2003. urtean sortu zen Gabriel Baltesen zuzendaritzapean eta ordutik zorroztasuna, bikaintasuna izan dira euren bidelagun. Musika estilo eta garai ezberdinetako kantuak kantatzera ohituak, aurtengo honetan, Brahmsen Requiem Alemaniarra kantatu dute, pianoan Amaia Zipitria eta Borja Rubiños zirelarik. Bakarlariak, Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Aitor Zabala baritonoa izan dira.
Lehenengo aldiz Londresen 1871. urtean estreinatu zen genero bitxiko Requiem alemaniar hau, Brahmsek berak Luteroren Bibliatik atera zituen testuekin. Hala ere, ez da hileta-elizkizunetarako erabiltzen, ez baitu liturgiaren esaldirik barne hartzen.
Larunbateko kontzertuan, lehen bi zatietan koru mistoak kantatu zuen, oso modu fin eta bikainean. Ahots berezi askoz osaturiko talde honek giro goxo bat sortu zuen San Frantzisko elizan, edukiera guztiz betea zegoelarik. Hurrengo zenbakian, hirugarrenean, Aitor Zabala baritonoa aditzeko aukera izan genuen, ahots indartsu eta bikainarekin baita koruarekin batera ere. Requiem honetako zenbaki askoren artean, Miren Urbieta-Vega sopranoak bere tartea izan zuen bosgarren zenbakian, beldurra izatetik urrun, bakea eta kezka guztien askapena irudikatuz. Bera ere, ahots leun eta delikatu batekin.
Abesbatzen lehiaketaren faltan, aurten jaialdi handi honek etxeko koru eta taldeak Tolosan aditzeko aukera paregabea eman digu, musukoarekin bada ere, maila ederrean, gogotsu eta aurrera egiteko indarrarekin daudela erakutsiz. Antolakuntza bikainarekin hau guztia aurrera eraman da guztizko arrakasta lorturik, eta zoriontzeko lana da egia esan.
Jaialdiarentzat ez-ohiko datak izan arren, Gabonetan kantuan aritzearen faltan horrelako kontzertuak aditzeko aukera izateak zorionekoak egiten gaitu.
Indarrean jarrai dezala koru afizioak eta Tolosako Abesbatzen Lehiaketak. Hala izan bedi luzaroan.