Suhar abesbatzaren emanaldia.

Azken kontzertuaren faltan, Tolosako Abesbatzen Jaialdia arrakastatsua izan da. Ostiralean Conductus Ensamble izan genuen, larunbatean Suhar gizon korua eta herenegun Kea Ahots Taldea.

Antolakuntza apartarekin kontzertu hauek benetan arrakastatsuak izan dira, ia egunero San Frantzisko elizako aforoa beterik izan da. Koruek oso ongi defenditu dituzte euren programak. Askotan, aurten faltan dugun lehiaketari keinu eginez.

Tolosako Abesbatzen Lehiaketa nazioartean oso ezaguna den koru lehiaketa bat da eta modalitate ezberdinez osaturik dago. Horien arten, musika sakroa, profanoa, polifonia eta folklore modalitateak dira nagusi. 

Lehiaketaren arauen artean dago koru guztiek obra jakin batzuk kantatzea eta euskal musika edo euskal konposatzaile batek eginiko obra bat. Horrela, euskal koru musika eta haren konposatzaileen zabalkunde bat eman da, mundu guztian gure konposatzaileak ezagunak bihurtuz.

Suhar koruak ederki agertu zigun guzti hau Esteban Urzelaien zuzendaritzapean eta pianoan Amaia Zipitria zelarik. Euren programa Mundutik Etxera bi zatitan banatu zuten: lehenengo zatian, F. Schubert, F. Poulenc, A. Dvorak, Ola Gjeilo eta hainbat konposatzaileren obrak kantatu zituzten. Baita lehengo urteko lehiaketan abestu behar izan zen Albert Alcarazen Nunc Dimitis obra. 

Bigarren zatian, berriz, munduan zehar izan diren konposatzaileetatik etxera etorri ziren, gure konposatzaile eta haien musiketara. Horrela, Javier Busto, Xabier Sarasola, Junkal Guerrero eta Eva Ugalderen obrak entzun ahal izan genituen, gehienak Azkueren kantutegiko moldaketak izanik. Programa honen azken obra, Eva Ugaldek Suhar koruarentzat espresuki eginiko obra benetan polita eta miresgarria entzuteko aukera izan genuen.

Igandean ere, programa potoloa aurkeztu zuen Kea Ahots Taldeak Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, musika sakro eta profanoan oinarrituz, gehiena, musika garaikidea izanik. Ongi aritu ziren obra konplexu eta teknikoki zailak direnak kantatuz. Honen adibide da X. Sarasolaren Ke Orbelen Meza. Aita Donostia konposatzaileak ere bere tartea izan zuen kontzertuan, bere garaian lehiaketan obra behartu izan zelarik. Javier Bello Porturen mendeurrena oroituz, kantu batzuk ere kantatu zituzten, estilo galante eta dotorez jantziak.

Amaitzeko D. Azurzaren obrak abestu zituzten, oso estilo garaikidekoa lehena, kantatzeko zaila, baina oso ondo defenditua. Bigarrena Iparragireren melodia batean oinarritua, oso goxoki moldaturikoa. Ederra benetan.

Tolosako Abesbatza Jaialdiari amaiera eder bat emateko, datorren larunbatean KUP Taldea izango dugu Gabriel Baltesen zuzendaritzapean, Miren Urbieta sopranoarekin eta pianoan Amaia Zipitriaren laguntzarekin, San Frantzisko elizan, 19:00etan.

Zorionekoak gu, horrelako kontzertu potoloak entzuteko aukera izateagatik.

Shrabani Aranzabe, Musikaria eta Musikeneko ikaslea 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!