Iritzia

‘Arineketan’ ibiltzearen dantzak

Erabiltzailearen aurpegia Shrabani Aranzabe-Pita 2020ko irailaren 22a

«Itzultzeak badu bere zirrara punttua mundua gelditu ostean». Hunkigarria da garai ezegonkor hauetan dantza-musika aditzea, musika alaia eta dantzarako gonbita luzatzen dizuna, aldi berean, ordea, ohikoa den horretatik urrun: piano, biolontxelo, biolin, txistu zein danbolinaren soinuak uztarturik. Gu fenomeno honen gatibu izan gara Iztueta, Iparragirre eta Xabier Leteren kantuen moldaketen babesean. 

Jagoba Astiazaranek eta Iñar Sastrek instrumentuak esku artean hartuta hala aurkeztu ziguten euren Arineketan proiektu berria larunbat arratsaldean. Xabier Zeberio, Agate Amilibia eta Ainara Ortega haien bidelagun izanik, kontzertu benetan magikoa bizitu ahal izan genuen Donostiako Orfeoiko aretoetako batean. Agurra, zortziko eta kalejira artean lotarako kantu goxoak izan genituen entzungai, baita kantugai ere. 

Bost lagun hauen artean sorturiko musikak duen magia horren jolasaren partaide bilakatu ginen, ilusioak jota kantu bakoitzaren amaieran jo genuen txalo zaparrada. Honela emozio eta sentimendu askoren leherketa sentiturik, oinak bakarrik dantzan hasita genituela ohartu gabe.

Plazan dantza egiten genueneko oroitzapenekin egin genuen topo: plazan, kalean eta itxialdian baita sukaldean ere. Gorputzak dantza egiteko grina sortu zigun arineketan, gure eserlekua dantzaleku bihurturik. 

Haizea alde ez edukitzearen aurrean jarrera baikorra agertu zuten Jagobak eta Iñarrek, itxialdian bizitu ditugun hainbat uneri lekua kenduz eta musika positiboa sortu zein moldatuz. 
Larunbat arratseko kontzertu hartan musukoaren azpian irribarrea nabari zen ikusleen artean, maite zituztenak alboan izanik, irribarrea, dantza egiteko gogoa eta zirrara. 
Elkarrekin mundura itzultzeak ematen duen zirrara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!