Amasa-Villabonako PSE-EEk salatu duenez, EH Bilduk ez du eskatu NANa eta pasaportea emateko eta berritzeko zerbitzu ibiltaria, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordetzak bultzatutako ekimena. Sozialistek «sektario, ideologiko eta arduragabetzat» jo dute erabaki hori.
Eduardo Gonzalez Vaz Amasa-Villabonako bozeramaile sozialistak azaldu duenez, EH Bilduren gobernuak arrazoi ideologikoak argudiatu ditu NANa Espainiako Gobernuak ezarritako betebeharra dela esanez eta Polizia Nazionala udalerrian egoteari uko eginez.
«Guztiz onartezina da EH Bilduk erakundeak erabiltzea bere ideologia inposatzeko eta herritarrak zigortzeko. Oinarrizko zerbitzu publikoaz ari gara, bizilagunei bizitza errazten diena, batez ere adinekoei, familiei eta mugitzeko zailtasunak dituzten herritarrei. Baina EH Bilduk nahiago du bere diskurtso politikoa ezarri, gure bizilagunen benetako beharrei erantzun baino », salatu du Gonzalez Vazek.
Sozialistontzat «ulertezina» da EH Bilduk uko egitea Estatuko Administrazio Orokorrak herritarrei izapide hori egiteko eskaintzen duen doako zerbitzu hori emateari.
Dokumentazioaren Ibilgailu Integralak desgaituentzako sarbide egokitua du, baita dokumentuen ziurtagiri digitalak eguneratzeko gailu bat ere. Gainera, ordainketa eskudirutan zein kreditu-txartelarekin egin daiteke, eta horrek izapideak erraztu eta arintzen ditu.
Ezezkoarekin, EH Bildu herritarrak zuzenean kaltetzen ari da, eta bizilagunak beste udalerri batzuetara joatera behartzen ari da, horrek dakartzan eragozpenekin.
Udalak zerbitzu hori zuzenean ematen ez duen arren, eskatu, kudeatu eta aurretiko hitzordua koordinatzeko ahalmena du, dagoeneko zerbitzua jaso duten udalerrietan gertatzen den bezala.
«EH Bilduren sektarismoak kalte zuzena egiten die Amasa-Villabonako bizilagunei. Udal gobernuari eskatzen diogu utz dezala iraganeko garaietara garamatzan konfrontazio ideologikoaren politika, eta erantzukizun instituzionalarekin jokatu dezala, herritarrengan pentsatuz», adierazi du bozeramaile sozialistak.