Bizi kalitatea hobetzeko ekintzak alde batera utzi izana deitoratu du PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia PSE-EE Amasa-Villabona 2024ko abe. 11a, 12:17

Amasa-Villabonako PSE-EEk deitoratu du aurrekontuek udalerriarentzat lehentasunezkoak ez diren partidak jasotzea, udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko ekintzak alde batera utzita

Amasa-Villabonako PSE-EEk deitoratu du EH Bilduren gobernuak onartutako udal aurrekontuak «beharrezkoak ez diren eta herritarren lehentasunezko beharrei erantzuten ez dieten» hainbat partida jasotzen dituelako, hala nola Herri Urrats edo Nafarroa Oinezen esleipenak.


Eduardo Gonzalez Vaz bozeramaileak adierazi duenez, «sozialistok ez gatoz bat esleipen horiekin. Gure ustez, badira beste gai batzuk premiazkoagoak eta beharrezkoagoak direnak 2025erako udal aurrekontuan jorratzeko. Horregatik abstenitu gara bozketan».

Udal talde sozialistak azpimarratu duenez, Amasa-Villabonak baditu premiazko beste behar batzuk, berehalako arreta behar dutenak, hala nola sozialistek planteatutakoak, herritarrek gehien erabiltzen dituzten puntu batzuen sarbideak hobetzeko. Esate baterako, espaloi batzuk egokitu eta zabaldu behar dira, baita espaloia eta errepidea bereizteko hesiak ere, Arratzaingo errepidearen igoeran oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

 «Gure ustez, hori bai da lehentasuna gure bizilagunentzat. Izan ere, PSE-EEren proposamen bati esker, partida bat bideratuko da Arratzaingo igoera hobetzeko ikerketa bat egiteko», azaldu du Gonzalez Vazek.

Sozialistek ere diru laguntza ildo bat proposatu dute, Amasa-Villabonako ikasleek jarduera berberak eskura ditzaten, familien errenta edozein dela ere.

 Gainera, PSE-EEk proposatu du azterketa bat egitea Amasarako hiri-autobusa martxan jartzeko, herritarrei Villabonako erdigunerako sarbidea errazteko. Ekimena, batez ere adinekoentzat edo ibilgailu propiorik ez dutenentzat pentsatua da. Horren ordez, taxia garraio publiko gisa erabiltzeko partida bat bideratzea proposatu du EH Bilduren gobernuak.

«Zerbitzu hori ez da nahikoa izango; izan ere, etxebizitza berriak eraikitzea aurreikusten da, biztanleria hazi egingo da eta eskaria handitu egingo da. Gainera, beldur gara taxi zerbitzua ikastolarako eskola-garraio gisa erabiliko ote den, Amasa-Villabonako herritar guztiek ordaindu behar ez duten zerbitzu pribatua», esan du bozeramaile sozialistak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!