Konponbide garaia da. "Alde Hemendik"

Erabiltzailearen aurpegia Ospa Ibarra 2015ko mar. 16a, 10:51

Espainiar indar armatuak Euskal Herritik ateratzea helburu duen eta talde eta eragile sozial ezberdinen arteko elkarlanean oinarrituko den dinamika berria sortu da Tolosaldean. Ibarran, martxoaren 12an egin zen aurkezpena kultur etxean eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaien.

“Alde hemendik” Euskal Herriaren historian mendeetan zehar presente egon den herri aldarrikapena izan da. Izan ere, historikoki Espainiako indar armatuek euskal Herrian egoteko helburu bakarra izan dute: euskaldunoi arrotza zaigun sistema politiko eta legala indarrez ezarri eta beldurraren bidez saihets ezina dela erakustea.

Horretarako Guardia Zibilak tortura, erahilketa zein errepresio mota oro erabli du, beti ere, gizarte zibila eta herritarren aurka. Horrexegatik espainiar indar armatu, militar zein polizialak inoiz ez dira ongietorriak izan, eta gaur egungo egoeran are eta sakonagoa da sentipen hau.

Bakea demokrazia eta normalizazio politikoarena izan behar duen garai honetan, indarrean dirauen biolentzia mota bakarra estatuarena da. Euskal herritarrok gure etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea inoiz baino ozenago eskatzen dugun honetan, Guardia Zibilak indarkeria  erabiltzen jarraitzen du. Euskalerritarrok errepresio poliziala urteko 365 egunetan pairatzen dugu: kontrolak, atxiloketak, jazarpenak, mehatxuak, isun politikoak, etab…

Honen aurrean zer egin?

Ibarran egoera honetaz oso kezkatuta eta nazkatuta gaude eta “Alde hemendik” dinamika pizteko lantalde bat sortu dugu; lantalde hau herritarra, anitza eta zabala izatea da gure ideia.

Helburua garbia da. Espainiar indar armatuak Euskal Herritik ateratzeko bideak eta erabakiak lantzea eta denon artean adostea. Gure lanaren oinarria herritarrekin eragile sozialekin eta instituzioekin elkarlana izango da. Eta ziur gaude, denon laguntzarekin lortuko dugula.

Konponbide garaia da.

Guardia Zibila Euskal Herritik alde egiteko garaia da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!