Belgikarren bisita jaso dute Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Orixe Institutua 2026ko martxoaren 3a

Europako Erasmus Plus egistasmoaren barruan ari dira gauzatzen elkartrukea Orixe BHI ikastetxean, eta igandera arte egongo dira Belgikako Batxilergoko lehen mailako 22 ikasleak Tolosan. Bestetik, asteburuan, Batxilergoko bigarren mailako ikasleak Donostian ospatuko den European Youth Parliament ekitaldian parte hartuko dute.

Urtean zehar hainbat proiektu martxan izaten dituzte Orixe BHI ikastetxean, ikasleen arteko harremanak zabaldu, sareak sortu eta irakasleen formazioa atzerrian gauzatzeko helburuarekin. Horien artean, Europako Erasmus Plus egitasmoaren barruan, aurten ere elkartruke bat gauzatu dute. Batxilergoko lehen mailako 22 ikasle Menen herrian izan ziren, eta orain, belgikarrek hartu dute lekukoa.

Joan den igandean iritsi ziren 22 ikasle belgikar Tolosara, eta igandera arte izango dira gurean. Jasangarritasun gaia kontuan hartuta, inguruko txokoak ezagutuko dituzte. Esaterako, atzo, Tolosako udaletxean egin zieten harrera eta ondoren, herria ezagutu zuten. Gaur Donostiara joango dira, bihar Ordiziara eta ondoren, Aranburu gaztandegia bisitatuko dute. Ostegunean Urdaibai ekoetxera joango dira, eta ostiralean Orixe ikastetxean geratuko dira proiektu bat egiten.

Ikasleak «biziki eskertuta» daude Orixe BHIko gela egonkorreko ikasle eta irakasleek dantzatutako ongietorriarekin. Ostiralean, hamaiketakoa izango dute, ZIG gelako ikasle eta irakasleen eskutik.

European Youth Parliament

Bestetik, asteburuan, Batxilergoko bigarren mailako ikasleak Donostian ospatuko den European Youth Parliament ekitaldian parte hartuko dute. Europa mailan egiten den egitasmoa dela jakinarazi du Arantxa Mendizabal Orixe Insitutuko Eramus batzordeko kideak: «Belaunaldi bateko gazteak hautatzen dituzte haien artean Europa mailako arazoen inguruko hausnarketa bultzatzeko. Imigrazioa izan daiteke arazo horietako bat, hizkuntza minorizatuak, geopolitika, dibertsitatea edota sare sozialak. Gazteek askotan politikaz alde egiten dute eta erabaki horietan parte hartu dezaten antolatzen da».

Europako hainbat herrialdetako –Austria, Ingalaterra, Portugal, Suedia eta Albania– ikasle ugari elkartuko dira, baina Espainiako beste hainbat autonomia erkidegoko gazte ere izango dira bertan. Igandean egingo dute parlamentua Donostiako udaletxean, 09:00etatik 19:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!