Iker Galartza pertsona ezaguna dugu eskualdean. Besteak beste, pailazo lanetan aritu da eta aktore moduan ikusi dugu hainbat film eta telesailetan. Gure Zirkuaren sortzailea eta gidoilaria da. ETBn ikusgai dagoen Irabazi Arte telesail ospetsuan ere parte hartzen du.
2017an Gure Zirkua martxan jarri zenuten eta oso ospetsua egin da ordutik. Nondik sortu zen ideia?
Ez dakit, gauza horiek ez dira segituan bururatzen. Dakizuenez, Poxpolo eta Mokolo ibiltzen ginen herriz herri. Mokolo joan zitzaigun, eta gero saiatu ginen pixkanaka aurrera egiten lehengo dinamikari eutsiz, baina, Mokolo gabe, zentzua galdu zuela ematen zuen, eta zerbait berria egin behar genuela iruditzen zitzaigun, berriz ilusionatuko gintuena. Lehendik gustatzen zitzaigun zirkua, eta joaten ginen, gure opor egunetan. Europan zirku asko daude baina Euskal Herrian ez, horregatik pentsatu genuen zirku bat sortzea ondo egongo litzatekeela. Frantzian zirku txikiak eta ikusten genituenean esaten genuen: «Egunen batean horrelako bat ekarriko bagenu eta Euskal Herrian zehar ibiliko bagina...». Ez baitago euskaraz zirkurik. Munduan badaude abizenari eusten dioten zirkuak baina nik banekien Galartza Zirkua ez zela aukera bat, batez ere herriari ekarpen bat egin nahi geniolako. Guk gure zirkurik ez dugunez, hortik atera zen Gure Zirkua izena.
Zirkuan hasi baino lehen zer lan egiten zenuen?
Orduan telebistan, antzerkian zein kalean lan egiten nuen; Poxpolo eta konpainiarekin nenbilen, eta beti lan ezberdinak egin izan ditut. Orduan horrelaxe nenbilen, alde batetik bestera, batzuetan pailazo, bestetan aktore, besteetan gidoilari. Lanik ez zitzaidan falta, gazte eta energiarekin. Azken bolada horretan kanpoan asko nenbilen, Sevillan-eta, grabaketak egiten. Eta nik hiru seme-alaba edukita, etxean gehiago egon nahi nuen. Zirkua ekartzearena aitzakiatxo bat ere izan zen, lana Euskal Herrian ere finkatzeko. Orain hementxe nabil atzera eta aurrera, familiatik gertu.
Nola deskribatuko zenuke zirku bat?
Zirkua zerbait topikoa da, zirkua magikoa da, baina egiazkoa. Magia sortzen da karpa batean, ezer ere ez dagoen toki batean: belardia, lorategia, parkea edota aparkalekua. Zirku horren barrura etorriko dira milaka neska-mutil, gurasoak, aitona-amonak, ume txiki-txikiak... Azkeneko egunean, emanaldia bukatu, dena jaso, gurpil gainean dena muntatu, kargatu eta bazoaz beste herri batera. Atzera begiratzen duzu eta dena lehen bezala geratu da… Desagertu da. Hori ez al da magikoa? Zerbait berezia da, zerbait magikoa. Barrea, negarra sortu duzu jendearengan eta hori gauzarik handiena da.
Zer dio zure familiak zure lanbideari buruz?
Ume koxkor bat nintzenean, orduan jada pailazokeriak egiten nituen, eta gurasoek esaten zuten: «Ai, orain ere ari da». Gaur egun, poza hartzen dute, jarraitzen dudalako pailazokeriak egiten eta nire ogibide bihurtu dudalako hori: «Begira azkenean honek nola egin duen». Batzuetan amak, harro bezala begiratzen dit: «Zer ondo Iker, asko pozten naiz gustatzen zaizuna egiten duzulako». Bestalde, nire umeak txikiak zirenean barre egiten zuten nirekin baina, noski, nire seme-alabak dira eta orain pixka bat koskortuta daudela, lotsatzen hasiak dira. Zirku barruan ez zaie inporta, nire ileordearekin eta aurpegia margoturik. Baina guraso guztiak bezala, agian eskolara iristen ari garenean, eta tontakeriaren bat egiten hasten naizenean: «Egon geldi aitatxo, ea, ixildu». Hala ere, nik uste pozik daudela beraien aitak duen ogibidearekin.
Erraza da zirkuan aritzeko partaideak bilatzea?
Ez da batere erraza. Batez ere ingurukoak izan behar badira. Hau Athletic eta Reala bezalakoa da, Athleticek bertakoak bakarrik ditu taldean, Realak fitxaketa batzuk egin behar izaten ditu atzerrian, taldea indartzeko. Guk ere dilema hau izaten dugu. Euskal Herrian, herri txikia denez, zirkuko artistak ez dira asko. Orduan guk zirku indartsuago bat izan nahiko bagenu, kanpotik jendea ekarri beharko genuke, eta orain arte ez dugu hori egin. Gertatu zaigu, agian, lesioren bat edukitzea eta denbora laburrerako kanpokoren bat hartu behar izatea. Gure nahia hemengo artistei lana ematea da. Bihotza eta arima jartzen dugu eta azkenean emanaldia ateratzen da baina ez da erraza. Egunen batean fitxaketak egin beharko ditugu, Realak bezala.
«Egunen batean fitxaketak egin beharko ditugu, Realak bezala»
Langile asko ibiltzen da zuekin zirkuan, ikuskizunetan ikusten ez duguna? Garbitzailerik baduzue?
Ez, garbitzailerik zehazki ez. Erratza guk pasatzen dugu emanaldiak bukatzen ditugunean. Baina imajinatu, batzuetan bi emanaldi segidan ematen ditugula. Orduan erratza pasa behar da eta denon artean egiten dugu. Batzuetan lagunak etortzen dira eta laguntzen digute, dena azkarrago egiten baita horrela.
Ikuskizun bereziak egin izan dituzue. Horietako zeinetan aritu zara gustuen?
Denetan, azkenean gauza ezberdinak esperimentatzea da. Bertsolariak etorri zitzaizkigunean hasieran zalantza asko sortu zitzaizkigun ikuskizuna nola lotu adosteko. Baina, azkenean mimo guztiarekin prestatzen duzu, sekulako lana hartzen duzu eta gero emaitza ona dela ikusten duzunean poza eta satisfazioa sentitzen duzu. Gauza bera Gozategirekin.
Gure Zirkuarekin Euskal Herritik ateratzeko asmorik?
Printzipioz ez. Ametsak izaten ditugu. Batzuetan imajinatzen dugu Gure Zirkua barku batean sartuta, Argentinara bidean. Argentinako euskaldunentzat emanaldi batzuk egitea pentsatzen dugu. Barkua duen norbait prest egonez gero, Argentinara joan gaitezke.
«Batzuetan, imajinatzen dugu Gure Zirkua barku batean sartuta, Argentinara bidean»
Gustatuko litzaizuke animaliekin zirkuan ibiltzea? Zergatik?
Debate hau ez da sekula bukatuko; hemen ia erabat galarazi dituzte animaliak. Zirku bat magikoa izateko, publikoarengana iristeko, ez da animaliarik behar eta guk hori demostratzen dugu, astebururo. Ez dugu foka bat behar; ikusi ditut fokak Badajozen zirku batean 40 graduan. Fokak ez du Badajozen egon behar kaiola batean beroak akabatzen, foka batek elurretan egon behar du, izotzetan, uretan… Animaliak eta animaliak daude. Frantzian, esaterako, fokei ez diete baimenik emango, baina bai ordea hainbat etxa-abereri: zaldiei, adibidez. Hainbat zirkutan zaldia hobeto zainduta egongo da zenbait baserritan baino: ondo orraztuta, bere ukuiluan, entrenamenduarekin... Pailazoak ezagutu ditut beraien txakurrarekin ikuskizunak eskaintzen; adibidez, arotxo bat jarri eta alde batetik bestera pasaraziz. Hori ikusita, askok eskuak burura eramaten dituzte. Baina, agian txakur horrek ez du Txindokira joan nahi eta sofan geratu nahi du lasai-lasai. Guk txakurra badugu baina ez da ateratzen pistan, zirkoa zaintzeko da.
Noizbait zirkua utziko duzu? Eta pailazo lana?
Ez dakit Gure Zirkua utziko dudan; horregatik da Gure Zirkua. Nik ezin dudanean, edo indarrak bukatzen zaizkidanean, Gure Zirkua hor egongo da eta baten batek jarraituko du harekin. Agian okindegi batean lana egin beharko dut edo gasolindegi batean, beste lan batzuk egin beharko ditut, baina horietan nire ogibidea zein den galdetzen badidate pailazoa naizela esango nuke.
Zeintzuk dira pailazo izatearen alderik onenak eta txarrenak?
Onena da lana amaitutakoan, dena ondo joan bada, umeek zurekin argazkiak atera nahi dituztela. Umeen begirada hori ikustea zoragarria da. Horrek asebetetzen zaitu. Gurasoek eskerrak ematen dizkizute egiten duzun lanagatik, esker oneko lana da. Zein da alde txarra? Denok bezala, guk ere egun txarrak ditugula. Batzuetan triste zaude eta hala ere ikuskizuna eskaini behar duzu. Beste egoera bat izan daiteke, txiste batek grazia egingo duela uste duzunean eta ez duenean graziarik egiten; entseguetan horrela irudikatu duzu eta gero inork ez du barre egiten.
Telebista gidoilari moduan, antzerkian, zineman eta antzerkian aritu zara. Noizbait pentsatu al zenuen lan horiek guztiak egingo zenituela?
Ez, baina bai pentsatu izan nuela lan hauetan ibiliko nintzela. Zuen adinarekin har hau sartzen joan zitzaidan. Goenkale idazten urteak ere egin nituen eta oso ondo etorri zitzaidan; gaztea nintzen, hogei urte nituen hasi nintzenean. Aktore bat ezin da geldik egon norbaitek noiz deituko zain.
Zer lan egin duzu gustukoen? Zergatik?
Denak gustatzen zaizkit, bakoitza bere momentuan. Baina egia da, gogorra dela zirkuarekin batera eta bestera ibiltzea zazpi hilabete eta erdiz. Antzerkian, adibidez, emanaldia hasi baino ordubete lehenago iritsiko naiz eta dena prest egongo da: arropak prest, dekoratuak jarrita, argiak bere lekuan… Eta zirkua berriz zer da? Bakoitzak bere arropak garbitu behar ditu, gero fokuak jarri behar ditugu, kaferik ez dago, euria hasi eta lokatza sortuko da, dena zikinduko da… Baina emanaldia ondo aterako da. Bi aldiz pozgarriagoa da lan gehiago kosta zaizulako eta lan gehiago egin behar delako. Hala ere, denbora luzean aritzean nekatzen hasten zara.
Nola hasi zinen aktore lanetan?
Txikitan eskolan mikrofono aurrean zerbait egin behar bazen, ni beti prest egoten nintzen. Gainontzeko gauza guztiak ahazten zitzaizkidan. Amak galdetzen bazidan: «Egin al dituzu etxerako lanak?». Nik antzerkia ikasi behar nuela esaten nion.
Zein izan da zure lehen pelikula? Eta telesaila?
Lehenengo telesaila Goenkale izan zen, egia da aurretik beste gauza batzuk egin nituela. Adibidez: Postariarena. Pelikulak ez ditut asko egin baina lehenengoa Gartzela izan zen, Oñatiko talde batek egin zuen film laburra. Aktore gazte bat behar zuten eta Goenkalen nenbilenez joan nintzen. Poliki-poliki.
Gidoilari lanetan ibili zara. Horren adibidea da, 'Goenkale'. Zertan oinarritzen zinen gidoia idazteko? Bazenuen laguntzarik?
Telebistan inspirazioarentzat ez da tarterik izaten, kontratuek agintzen dute. Idazten nengoenean nagusia etortzen zitzaidan eta esaten zidan: «Pertsonaia horri kontratua bukatzen zaio otsailaren 15ean, baina agian hurrengo urtean deitu egingo diogu berriro». Orduan, zer egin asmatu behar duzu: pertsonaia bidaia batera bidali, desagertu dela esan… Laguntza behar izaten nuen. Horrelako gauzak ezin dira bakarrik egin.
Aurrera begira zer lan gustatuko litzaizuke egitea?
Lan honek ematen du aukera gauza ezberdinak egiteko. Orduan, beti zabalik gaude gauza ezberdinak probatzeko. Gauza berriek alerta pizten dute, aktibo mantentzen zaituzte. Horrela segitzearekin konforme nago.
Iaz arrakasta handia izan zuen 'Irabazi Arte' telesailak; eta jada bigarren denboraldia ikusgai dago. Pozik al zaude egindako lanarekin?
Bai egia esan, oso pozik nago Irabazi Arterekin. Aurten ez daukat hainbesteko lan karga baina oso harro sentitzen naiz horrelako proiektu batean parte hartzeagatik. ETBk horrelako apustuak egin behar ditu. Go!azen txikiagoentzako den bezala, nerabeak ere harrapatzen dituen produktua da hau. Oso pozik nago euskaraz horrelako produktuak sortzeagatik. Irabazi Arte ikusteko ez duzue plataformetara jo behar; etxean bertan dugun zerbait da.
Nola lortu zenuen 'Irabazi Arte'ko pertsonaia?
Zuzendariak deitu zidan. Entrenatzaile bat behar zela eta egingo ote nuen galdetu zidan. Zuzendariarekin beste proiektu batzuetan lan egin nuen, berak ezagutzen ninduen eta bazekien nola egiten nuen lan. Esperientziadun aktorea behar zuten. Aktore berri askorentzat lehenengo aldia zen: grabaketa batean trukoak ikasi behar dira, markak non dauden, non kolokatu, kamera non dagoen, denborak markatu behar dira… Hori kontuan izanik, zuzendariak niregan pentsatu zuen. Helduak eta gazteak nahastu zituzten... Gazteek azkar ikasten dute eta aurtengo grabaketa askoz errazagoa izan da. Oso pozik nago, gazteek oso energia ona ematen didate, indarra, ilusioa… Lanerako gogo handia ekarri dute.
Zuhaitz Gurrutxagarekin batera, 'Lehendakari Gaia' antzezlanarekin zabiltza. Zer moduz doa?
Oso ondo egia esan. Zuhaitz Gurrutxagak Herri Txiki Infernu Handi programa utzi berri du, gauza berriak esperimentatu nahi dituelako. Niri ere ondo datorkit, batzuetan zirkuak nekatzen duelako. Proiektu batean itsututa zabiltzanean gauza asko ez dituzu ikusten, eta garrantzitsua da hortik ateratzea. Antzezlan hau gogo handiz hartu dut. Energia handia jarri dut urte hauetan zirkua martxan jartzeko. Eta, uste dut zirkua egonkor dagoela, bere bidea egin dezakeela ni hor gainean egon gabe. Antzerkia egitea gustatzen zait eta uste dut behar dudala.
Zenbat denbora pasatzen duzue telesail edo film bat grabatzen?
Dena bezala, ondo egiteko denbora asko behar da. Kapitulu bat grabatzeko, hamar bat egun behar dira. Baina astebetean grabatzen dira, jende guztiak ordu asko-asko sartzen ditu eta horrek nekea ekartzen du. Baina batzuetan aurrekontuak ez du ematen hamar egunerako. Izan ere, kamerak-eta garestiak dira. Madrilen, adibidez, diru asko badago, kapitulu bat hogei egunetan grabatuko da.
Aktore lanetan lagun asko egin al dituzu?
Asko ez, ezagunak bai.
Zaila al da papera buruz ikastea?
Paperaren arabera izaten da, hizkuntzak ere eragina du. Biologo baten papera egiteko eta gainera gaztelaniaz bada gehiago kostatzen zait. Euskaraz errazago moldatzen naiz. Orduak eskaini behar zaizkio; guri grabatzen dugun momentuagatik ordaintzen digute, baina etxean lan asko egin behar.
Jendeak kalean ezagutzen zaituenean nola erreakzionatzen duzu?
Ahal dudala beti kasu eginda. Mundu guztia ez dut ezagutzen baina jende askok ni ezagutzen nau, agian bezperan telebistan ikusi nauelako, edo antzokian ikusi nauelako eta kasu egiten didate. Nik erantzuten diet. Eta alabak askotan galdetzen dit: «Ezagutzen duzu?». «Ez, baina kasu egin du». Beste batzuk egindako lanagatik zoriondu egiten naute, eta gustura entzuten dira horrelakoak. Beste batzuek agian hobetzeko gauzak proposatzen dizkidate eta horiek ere entzun egin behar dira. Jendearentzat lan egiten dugu, onerako zein txarrerako.
Noizbait lanen bati uko egin diozu?
Bai, behin bakarrik, bortxatzaile baten papera egin behar nuelako. Agian beste momentu betean hartuko nuke lana, egia da aktoreok dena egiteko prest egon behar dugula, baina hiru ume dauzkat... Ez daukat paper agresiboak eta biolentoak egiteko gogorik, ez zait gustatzen beste baten paperean neure burua horrela ikustea.
Zer gomendio eman diezaiokezu karrera hasi berri duten aktore gazteei?
Gazteak garenean, iruditzen zaigu super-onak garela; gerora, orain ikusten ditut orain dela 25 urte grabatu nituenak eta lotsa pixka bat ematen dit. Hala ere, gaztea zarenean autoestimua goran izatea ona da.
MOTZEAN
Hondartza edo mendia?
Lehen hondartza zen nire gustukoena. Orain, batzuetan nahiago dut hondartza eguzkia hartzeko, eta beste batzuetan mendia. Baina hondartzan txiringitoan garagardo batekin ondo egoten da.
Herria ala hiria?
Herria. Herriak nortasuna dauka, jendea ezagutzea gustatzen zait.
Jatetxe garesti batera edo sagardotegira?
Sagardotegira, beti. Jatetxe garestietara ere joan naiz, eta gero gosez atera ere bai. Sagardotegiak segurtasuna ematen dit eta gustuko dut, batez ere sagardoa delako gehien gustatzen zaidan edaria.
Gosaltzeko zer?
Ikaragarri gustatzen zait lasai gosaltzea, baina kafe bat besterik ez dut hartzen. Etxekoak utzi eta gero kafe bat hartzen dut. Uste dut hasi beharko nukeela hobeto gosaltzen.
Oporretara nora?
Oriora. Askotan ez dago oso urrun joan beharrik ondo pasatzeko.
Tolosaldean biziko ez bazina, non biziko zinateke?
Leku batekoa izatea gauza ederra da. Zirkuarekin handik hona ibili baina etxera etorri beharra ere izaten dugu, eta niri gustatzen zait hemen izatea; ni Amezketan jaioa naiz, eta hara joaten naizenean sentitzen dut etxetik gertuago nagoela.
Inauterietako mozorro bat?
Pailazoa. Ez badakizu zer jarri, pailazoz jantzi eta listo.
Pelikula bat?
Aktore batek Mistic River-edo esan beharko luke, eta bai gustatzen zaizkit horrelakoak baino oso ondo pasatzen dut, Bud Spencer ikusten; Far West-eko pelikulak eta ukaldiak ematen dituenak, semearekin batzuetan ikusten ditut eta biak barrez bukatzen dugu. Jackie Chan ere, pentsatu beharrik ez eta entretenituak direnak, barre eginarazten digutenak, horiek asko gustatzen zaizkit. Elkarrizketa serio batean Handia esango nuke. Batetik, nire lagun Joseba Usabiaga dagoelako, protagonista bezala, eta demostratzen delako Euskal Herrian badagoela produkzio ona, euskaraz gainera. Pelikula horrek 10 Goya irabazi zituen.
Liburu bat?
Liburuak baino gehiago aldizkariak irakurtzen ditut. Denbora askorik ez dut. Irakurtzea gustatzen zait, baina orain ohean etzan eta segituan lo hartzen dut.
Musika talde bat?
Benito Lertxundi, musika ederra egiten du. Euskal talde asko daude, ETS edo Bulego… Poza ematen du gazteak, euskaraz musika entzuten dutelako. Garai batean, gurean, Mikel Laboa, Hertzainak, Benito Lertxundi ziren eta Lertxundik oraindik jarraitzen du.