Aimar Alvarez, zazpigarren Eduardo Chillida Matematika Olinpiadan

Erabiltzailearen aurpegia Orixe Institutua 2018ko eka. 5a, 15:24

Euskadi mailan, 2.DBHko 3.000 ikasle aurkeztu dira eta lehenengo hamabi ikasle onenen artean sailkatu da Tolosako Orixe Ikastetxeko Aimar Alvarez.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, XVI. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatu zituen ekainaren 1ean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu zen ekitaldian. Bertan izan zen Luis Chillida, olinpiadari izena ematen dion eskulturagilearen semea.

2018ko edizio honetan, Euskadiko 104 ikastetxetako 3.000 neska-mutil inguruk hartu dute parte, denak ere DBHko bigarren mailako ikasleak (Arabako 20 ikastetxe, Bizkaiko 49 eta Gipuzkoako 35). Olinpiadaren lehen fasea parte hartu duten ikastetxeetan bertan burutu zen, eta irakasleek eurek hautatu zituzten finalera pasatuko ziren bi edo hiru ikasle onenak, zentroaren tamainaren arabera. Finala maiatzaren 12an burutu zen, hiru hiriburuetan, eta 225 neska-mutil lehiatu ziren.

Ikasle gipuzkoarrek Donostiako Usandizaga-Peñaflorida ikastetxean egin zuten azken faseko froga. Bertan, lau problema ebatzi behar izan zituzten. Problemen ebazpenean puntuaziorik altuena eskuratu duten 12 ikasleek zegozkien sariak jaso zituzten, senitartekoak eta euren ikastetxeetako ordezkariak ere ekitaldian zirela.

Cristina Uriarteren hitzetan “Ekimen honekin, matematikaren bidez disfrutatzea bilatzen da, erronka intelektualak gainditzeak dakarren poztasun txikiak aurkitzea, edo matematikak ikasgelatik atera eta beste eremu batzuetan ere ikusgarri bihurtzea. Baina eguneroko egoera errealetan matematika-ezagutza aplikatzeaz ere ari gara; problemen ebazpena bultzatzeaz; arrazoiketa prozesuei lehentasuna emateaz; argumentuak aurkezteaz; eta horiek guztiak komunikatzeaz”

Honela, ikasleen matematikarako konpetentziaz gain, Olinpiada honek oinarrizko beste konpetentzia batzuk ere garatzen ditu: ikasten ikasteko-, ekimenerako- eta komunikaziorako konpetentziak.

Euskadin finaleko froga hobekien egin duten lehenengo 12 ikasleen artean bost gipuzkoarrak dira. Horietatik, Tolosako Aimar Alvarez, Orixe BHIko ikaslea, zazpigarren gelditu da eta hori ziurtatzen duen diplomaz gain, Elkar liburu dendetan erabiltzeko 100 euroko txartela, Casio kalkulagailu zientifikoa eta “La Puerta equivocada” Adrian Paenzaren liburua jaso ditu. Olinpiadako lehen lau sarituek, aldiz, diploma eta kalkulagailuaz gain, hiru asterako Ingalaterran ingelesa ikasteko beka ere izango dute.

Sari banaketarekin bukatzeko, Santiago Fernandezek “La belleza de los números” izeneko hitzaldia eskaini zuen, gaztelaniaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!