Erakutsiz ikasi

Orixeko ikasleak Belgikan eta Londresen

Erabiltzailearen aurpegia Orixe Institutua 2018ko mai. 29a, 08:26

Orixeko 1.Batxilergoko 16 ikasle abiatu ginen apirilaren 14an Belgikako Menen herrira, aldez aurretik gure etxean eta ikastetxean egondako belgikarrei bisita bueltatzera.

Erronka Glokala ( global/lokal hitz jokoa) izan da trukearen oinarria, hau da, mundu mailako erronka, baina eragina duena geure gizartean. Ingurumen eta birziklapenarekin lotutako proiektu honetan, ingelesa izan dugu noski komunikazio hizkuntza, hainbat toki bisitatu ditugu: gaiarekin lotutako hainbat lantegi, bertako landetxe bat, Brusela, Brugge, Gent…

Bisitez gain, bertako ikastetxera ere joaten ginen, eta hango arauek harritu gintuzten; izan ere, piercingak, minigonak eta kamiseta tiradunak debekatuak zituzten.

Egun batez geure kulturaren berri eman genien. Hala, denok Aurreskua dantzatu ostean, pintxo dastaketa antolatu genuen, Idiazabal gazta eta intxaurrak ez ziren falta. Herri kirol batzuk ere egin genituen, inauterien berri ere eman genien bideo baten bidez, eta ekitaldiari amaiera emateko Xabi Solanoren Nere mundu polit txiki hontan abestu genuen, belgikarrek gure artean egon zirenean, ikasia baitzuten. Dena primeran!

Astebeteko egonaldi oparo honek aukera eman zigun bertako bizimoduaz eta ohiturez jabetzeko. Hala, amaiera emateko demaseko festa egin genuen, eta Tolosara ajeak jota iritsi ginen.

Community Manager Workshop eta Literatura Unibertsaleko ikasleak Londresen

Martxoaren 20tik 24era Londres bisitatu genuen DBH3ko Community Manager Workshop-eko ikasleok. Hiru irakasle eta batxilergoko World Literature ikasgaiko bost ikasle ere etorri ziren gurekin. Orixeko hizkuntza proiektu eleanitzaren barruan, ingelesez lantzen ditugun bi aukerako ikasgai dira, DBH2ko Digital Communication eta DBH4ko Economics ikasgaiekin batera.

Bidaia bost zatitan banatuta zegoen. Egun bakoitzean idazle bati buruzko informazioa jaso eta idazten genuen. Batxilergoko ikasleek ematen ziguten informazio hori, egunero batek, hala Virginia Woolf, Charles Dickens, Shakespeare eta Arthur Conan Doyle zein izan ziren eta zer egin zuten ikasi genuen. Monumentu famatuetan egiten genituen geldialdiak eta bertan azaltzen zizkiguten idazle horien istorioak. Informazio hori taldetan jaso genuen eta orain bideo bat osatzen ari gara bertan ikasitakoarekin.

Bestalde, Londresko Shoreditch auzoan bi taldetan banatu eta grafiti ezagunen ibilbidea egiteko aukera izan genuen. Grafitietan aditua zen bikote baten eskutik azalpen interesgarriak jaso genituen ingelesez.

Bidaia hau egiteko, eta diru pixka bat lortzeko asmotan Tolosako Udalaren Antenak bekan parte hartzen dugu. Hala, gure herriko aisialdi edo kirol eskaintzaren berri ematen dugu astero ikastetxean.

JULEN LABAIEN ETA OIER APEZETXEA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!