Kontuz orokortzearekin!

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga

Ikastolan metonimia zer zen ikasi nuenekoak aspaldiko kontuak dira. Objektu baten zati edo ezaugarri bat aipatuz osotasuna adieraztea da metonimia.

Estereotipoak horren adibide izan daitezke. Esaterako, jatorri bateko biztanleei ezaugarri batzuk egozten zaizkie, eta, ondorioz, alemaniarrak modu batekoak direla esaten dugu; katalanek edo euskaldunok, berriz, bestelako izaera batekin egiten dugu bat. Eta horrela jarrai genezake.

Orokortzeak elkarrizketa eta berriketa erraztu ditzake, baita puntu komunak aurkitzen lagundu ere. Baina aurreiritziek hartzen dute lekua, eta, zehaztasunaren ordez, usteetan oinarritzen dugu diskurtsoa askotan, usteak erdi ustel gerta badaitezke ere.

Kontuz ibili beharra dago, ordea, orokortzeek «bestearen» gutxiespena edo kriminalizazioa ekar dezaketenean. Hala, etorkinei buruzko zurrumurruek bertakoen aurkakotasuna sustatzen dute, etorkinak bizkarroien pare irudikatuz. Beste kontu bat da etorkina nor den edo noiz arte den zehaztea. Baina duela urte batzuk etorritako gure bizilagunaz ari bagara, ñabardurak sartzen ditugu; izan ere, langilea, auzotar fina eta ongi hezia dela esaten dugu.

Erailketa matxistak gertatzen direnean, eta gizonezkoek, oro har, egitura matxistei eusteko duten ardura azpimarratzen denean, beti dago «baina gizonezko guztiak ez dira tratu txarren eragile» zehaztu nahi izaten duenik.

Egungo gazteria errazkerian bizi dela adierazten denean, denoi datorkigu gogora hamaika master egin dituen, hiru hizkuntza dakizkien eta, hala ere, egoera prekarioan lanean diharduen gazte ezagunen bat. Eta horrela jarrai genezake.

Urriaren 10ean Buruko Osasunaren Eguna ospatzen da. Azken asteetan gertatutako zoritxarreko gertaeretan, bi gizon hil dira, eta «buruko gaixotasuna» zutela gehitu zaio informazioari. Datu hori beharrezkoa al da gertatutakoa hobeto ulertzeko, indarkeria gizartean gero eta presenteago dagoenean?

«Datu objektiboek diote buruko nahasmendu larria duten pertsonek indarkeria jasateko probabilitate handiagoa dutela hirugarren bati indarkeria eragitekoa baino»

Niri beste galdera bat datorkit burura horrelakoetan: prebentzioa, kasu honetan, non geratu da?

Gipuzkoan osasun mentalaren estrategia aurkeztu berri dute. Aurretik ere badira hainbat plan eta azterketa. Beharrezkoa da gai horrekiko inplikazioa, neurriak aplikatzea eta errespetua esparru guztietan, baita kalean eta komunikabideetan ere. Estigma arazo larria da buruko gaixotasuna duten pertsonentzat, isilpean eta ezkutuan mantentzera jotzen baitute. Gai tabua da, zer gerta ere!

Baina datu objektiboek diote buruko nahasmendu larria duten pertsonek indarkeria jasateko probabilitate handiagoa dutela hirugarren bati indarkeria eragitekoa baino. Eta nik ezagutzen dut baieztapen hori behin baino gehiagotan bere haragitan sufritu duen pertsona bat, bi edo gehiago.

Beraz, kontuz orokortzearekin!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!