(H)amar zati bi, zero

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2026ko uztailaren 10a

Opor usaia darion garaiotan ez dut azterketei buruz aritzeko edo ikasketak kezka iturri izateko asmorik, eta aldi berean, euskalduna naizenez, ezin dut gainditu aurten unibertsitatean sartzeko ebaluazioko (gure garaiko selektibitatea) azterketan euskararekin gertaturikoak sortutako egonezina. Euskal sisteman hezitako ikasle talde batek inoiz ikusi gabeko zero borobil andana batu du. Hori gertakaria. Ondorioa, zalaparta gizartean euskara berriro ere auzitan jarriz.

Egiari zor, albistearen berri izan genuenetik, bada beste albisterik baikortasun dosi handi xamar batekin argi izpiren bat ikustera gonbidatzen gaituena. Lehiakide diren bi alderdik, lan publikoaren eremuan hizkuntz eskakizunen ziurtasun juridikoa bermatu nahian, indarrak batuz kanpoko oldarraldiari aurre egin nahian, egunotan maiz ematen ez den akordioa sinatu dute.

Egoeraren larritasunak alaitasunerako arrazoi gutxi ematen badu ere, gaiaren sakontasunaz jabetu eta bestelako kalkuluetatik haratago euskararen defentsan gutxieneko adostasuna lortzea bada ezohikoa baina oso-oso beharrezkoa den urrats bat.

Sumatu ez ezik, datu objektiboek baiezta dezaketen hainbat eremu publikotan (eta ez publikotan) emandako atzerapauso beldurgarriek eta oldarraldiek marra gorri guztiak gainditu dituztenean, jazarpen linguistikoaren tamainak neurri guztiak gainditu dituenean, orduan eta orduan bakarrik, eman dute adostasunerako jauzia. Bejondeiela!

Ikuskiteko dago urratu den bidea nola garatuko den. Ez al da beranduegi izango!

Ez dira hauek harrokeriatan edo autokonplazentzian aritzeko garaiak euskararen egoerari dagokionean: urteetan egindako akatsak zein asmatzeak onartu eta sentsibilizazio eta lanketa arduratsu baterako unea izan daiteke oraingoa. Inertziak, errazkeriak edo auskalo zerk eramanda ezikusiarena egin duen edo nahi izan duen askok ezin dute beste alde batera begiratzen jarraitu. Irmotasunez eta zorroztasunez ekiteko tenorea da.

«Hau ez da botere edota erakundeen arteko norgehiagoka. Hemen hizkuntza dago jokoan»

Gogoeta hau paperera ekartzen ari naizen honetan, auziak jarraitzen du epaitegian eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean. «Ni ere EHU naiz» dioen pankarta egitea ere bururatu zait. Hau ez da botere edota erakundeen arteko norgehiagoka. Hemen hizkuntza dago jokoan.

Nola diren gauzak, duela egun gutxi, aurkikuntza eder baten berri izan dugu.

Izan zirelako baikara.

Irulegin «'abaƕ'» adierazten duen inskripzioa topatu dute bi-tan zatitutako pieza batean eta euskarazko hamar zenbakiarekin harremanik ote duen ikertzen dihardute. Bazen ordurako baskoniar hizkuntza bat. Eta hara non orain...

Hamar zati-bi… Zero?

Irulegiko arbasoek burua altxako balute…

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!