Baloi baten ertzak

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2026ko maiatzaren 8a

Kirolzalea naiz, eta nire ohituretan erabat txertatua daukat. Hortaz gain, ikusle gisa ere gustura sentitzen naiz.

Kirolen balioen eta ondorio baikorren inguruko hitzaldi sutsurik egiteko asmorik gabe, bat egiten dut, oro har, ongizate psikologikoan, fisikoan eta emozionalean aldeko eragina duela defendatzen duten teoriekin (oinarri zientifikoek babestuta).

Beste jariko ezpala da, ordea, alde batetik hainbat kirolek mugiarazten dituzten diru kopuru, botere harreman eta xirimiri bailitzan gizarteak barneratzen dituen zenbait balio. Maiz, belarriak gozatu asmoz zabaldutako mezuetatik urrun (elkartasuna, talde-sentimendua, etab.), gehiago ikusten edo ikustarazten dira kirolari batzuk izar edo estralurtar moduan.

Herrialdeen arabera, jarraitzaile gehien dituzten kirolak ezberdinak izan ohi dira, baina inguruan futbola da nagusi.

Egiten den oro eta esaten den guztiak berebiziko oihartzuna izan dezake, eta halaxe dauka. Benetan, lobby edo eragin-talde itzela dela ezin uka daiteke. Txapelketa eta partida entzutetsuetan ohorezko eserlekuetako argazkiak horren lekuko nabarmenak direla pentsatzen dut. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du.

Bestelako funtzioa ere onartu behar zaio; gizarte kohesiorako ardatz garrantzitsua izatearena, esaterako. Adin, klase sozial, ideologia politiko eta bizi-testuinguru ezberdinak izanik ere, guztiei emozio berberak pizten dizkie futbol taldeko ikurrinen astinduek edo ereserkiak entzuteak.

Duela gutxi sentimendu horiek mugiarazten dituzten indar, energia eta ilusioen lekuko izan gara. 

Ez dira aste asko pasatu indar, energia eta ilusio bera nonahi zabaltzen zuen eta jendarte ezberdinen topagune bilakatu den Korrika igaro zenetik. Bi mila kilometro pasatxoko ibilbidean milaka pertsonek bat egin zuten hizkuntza beraren gerizpean.

«Milaka pertsonek bat egin zuten hizkuntza beraren gerizpean»

Bi kasuetan, plazak gainezka eta festa-giroa nagusi!

Baloia esferikoa izanik ere, ertz ezberdinetatik eratorritako gogoetak egiteko parada eman dit Sevillan jokatutako partidak, eta, batez ere, ondorengoak. 

Korrikako jende-oldeak oraindik buruan, pozgarria izan zen milaka zaleen aurrean, jende askorentzat eredu den atzerriko entrenatzaileak, bere hitzaldia osorik euskaraz egin zuela ikustea.

Gurean euskararen erabilerak oraindik ere aurrera egiteko bidea duen arren, honelako jokaldiak errepikatzen badira —hobe esanda, errepikatzen baditugu—, txapeldun izatetik gero eta gertuago egongo gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!