Nire gertuko kide batek urte hasieran aurreikusi ezin ditzakeen hainbat egoerari buruz pentsatzen edo aurreratzen denboratxo bat pasatzen du. Kezkatzen duten etengabeko ideia zurrunbiloa, aurreikuspen eta bestelako amesgaizto eremua askotarikoa izan daiteke: urteroko ohitura bihurturiko otordu esanguratsuetan, hurrengo urtean inor faltako ote den, hain gustura egiten dituen osteratxoak egiteko sasoiari eutsiko dion, auto zaharrak aurten ere iraungo ote dion. Esandakoa, denetarikoak bueltaka; asmakizunen burujate desantolatua.
Bat-batean ilusio berriak izateak bere burmuinean lekurik okupatuko ote duen galdetu dit. Laguna larrituta dabil ideien jarioa tarteko eta besterik ezean, tonua aldatu nahiko luke. Ezkortasun emari gehiegizkoak bere aldartean duen eragina sumatzen hasi da. Bestalde, leher eginda bukatzen du eguna hausnartzen pasatzen baitu, behiak nola. Garunaren jarduerak batez beste gure energiaren ehuneko hogeia kontsumitzen duela kontuan hartuta, bere burua zaintzearen garrantzia aipatu diot (gomendatu ez, ez baitu gomendiorik eskatu). Egia esan, ilusioek irribarrea eta poztasun zantzuak ekar badiezazkioke, bejondeiola!
Espazioa irabazteko teknologia gailuen memoriak dokumentu, argazki, mezu eta bestelakoz betetzen direnean karpetatan txukun sailkatzea eta gordetzea lagungarri gertatzen den moduan, nahaste–borrasteak ondoeza sortu aurretik sailkatu ote daitezke? Horren erantzunik ere ez dut topatu baina lagunak, logistika arduradun baten gisan, lekua egiteko garaia dela erabaki du.
Teknologiaren eremuan moldatzen den arren, etxeko traste zaharrekin KonMari metodoa ez zaio eraginkorra gertatzen; ezinbestean, trasteek gainezka egiten diote. Tematua dago gauza bakoitzarentzat tokitxoak ondo sailkatuta, egoera hobeto kontrola daitekeelakoan baitago.
Jakin badaki, ordea, gakoa objektuekiko atxikimenduan dagoela, eta ideien munduarekin ere berdintsu gertatzen zaio.
«Eskarmentuak erakutsi dio pentsamendu uholderik ez duela ausaz etengo; ondorioz, zinez saiatuko da 'ganbara' arazten eta txukuntzen»
Nire kideak ez luke hitzontzi, hutsontzi gertatu nahi. Eskarmentuak erakutsi dio pentsamendu uholderik ez duela ausaz etengo; ondorioz, aurten zinez saiatuko da bere ganbara arazten eta txukuntzen. Gauza berririk ez du behar, azken batean, balioan jartzen duen hori bistan mantentzearekin nahikoa du.