Hartu arnasa eta landu pazientzia

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2025eko azaroaren 15a

Pazientzia erosterik balego, hori eskuratzeko ilara luzea egiteko prest nengoke.

Sekula gehiegi izan gabekoa, eta azkenaldian agortzear daukat geratzen zaidan erreserba urria.

Latinezko patiens du errotzat, eta sufritzea esan nahi du. Egoera zailetan lasaitasuna mantentzeko gaitasuna esan nahi omen du hitzak bere osotasunean. 

Egunero lanera joatea, abentura batean sartzea bezalakoa da. N-1 errepidea multiabentura bihurtu da. Bakoitzak badaki etxetik noiz irten den, baina sekula ezin ziurtasunik izan helmugaratuko den orduaz. Sumatzen dut Escape Room batean sentitu daitekeen estualdiarekin antzekotasun handia izan dezakeela. Horrelakoetan aukerak ezberdinak izan daitezke: biraoen arrosarioari hasiera eman, irratia piztu edo lepoko luzapenak egiten hasi, esaterako.

Horrelakoak saihesteko borondate onenarekin tren geltokira joanez gero, are eta okerragoa bihurtzen da esperientzia. Obra amaigabeek eta tren zerbitzuetan izaten diren etengabeko atzerapenek sortarazten duten inpotentzia modu «egokian» kudeatzeko gai denari domina eman beharko litzaioke.

Horren guztiaren ondorioz edo bestelakoagatik, osasun arazoak izanez gero, itxaron zerrendak ere pairatu behar dira. Egia esatera, itxaronaldiaren luzera espezialitatearen arabera desberdina bada ere, oro har, autokontrola lantzeko ariketa bikaina bihurtu da medikura joatea. Azken batean, osasuna munduko ondasuna izanik, «galtzen» den egun bakoitzak ondorioak ekar ditzake. Une hoiek amorruz edo lasaitasunez bizi ditzake hautua egiteko moduan dagoenak, betiere ezin baitira emozioak modu berean kudeatu. 

«Gehiago landu beharko ditut indibidualki egiturak sortarazten dizkidan egoera zailak, gainontzean, pottoki marmartiaren modukoa bihurtuko naiz, beti kexu, beti ezkor. Ez da hori nahi dudana ordea»

Zail edo deseroso gerta daitezkeen hainbat adibide bizi ditugu egunero. Udatik hona bizitako gutxi batzuk baino ez dira horiek. Oso gogoan dut pazientzia ez dela berezko ezaugarria, lantzen den gaitasuna baizik. Hor egongo da koxka! Gehiago landu beharko ditut indibidualki egiturak sortarazten dizkidan egoera zailak, gainontzean, pottoki marmartiaren modukoa bihurtuko naiz, beti kexu, beti ezkor. Ez da hori nahi dudana ordea.

«Pazientzia» hitzaren sufrimendu kutsuaz haratago, esamoldeak ere badio pazientzia zientziaren ama dela. Itxaroteak ordaina baduela. «Errepidekideok» beraz, geldi geratu beharko dugu bata bestearen atzean, arnasa hartuz eta zientziarako gure ekarpenaren inspirazio iturria noiz etorriko den zain!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!