Olgetan

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2025eko irailaren 14a

Kartetan jolasean orduak pasatzea, barre egiten, arraska nork egingo duen jokatuz edota besterik ezean aurkariak tranpak egin ez ditzan begiztatuz. Jolas berriak ikasten.

Igerilekuan kremaz ondo igurtzitako azala belztu nahian toallan buelta bat ematea eta ondoren beste bat, gero eta minduago sentitzen den bizkarrak erritmoa finkatzen duelarik. (Minaren intentsitatea adinaren arabera aldatuz doan faktorea da maiz, eta hor ez dago zeregin handirik).

Liburu bat bestearen atzetik irakurtzea eta une batzuetan une-espazio ardatzetan salto ikaragarriak ematea.

Eguraldia lagun, inguruko mendietara, osteratxoa egitea eta urrutira joan gabe zein paraje polit eta ezezagunak ditugun konturatzea.

Edo urrutira joatea (urruti zer den norberaren subjektibotasunaren arabera finkatzen da) eta leku berriak modu presentzialean ezagutzea, ziurrenik aurrez paraje horietako batzuk pantailen aurrean behin baino gehiagotan ikusiak izanak badira ere.

Podcast ezberdinak saio bakarrean entzutea, etenik gabe, luzeak izanagatik ere.

Irratiko elkarrizketa interesgarria goizeko edozein ordutan delarik ere, entzuteko tartea hartzea eta ondoren «nahieran» non topatuko ote dudan ez pentsatzea.

Haria jarraitzeko inongo buru saiakerarik eskatzen ez duen eta irakaspenik igorri nahi ez duten edo ezin dituzten filmak ikustea.

Lotsarik gabe serie ezberdinetako kapitulu batzuk errenkan, bata bestearen jarraian, ikustea eta gozatzea.

Berbaxerkan «guztiz» topatu arte hitzak sortzen segi eta segi aritzea eta hurrengo egunean, lortutako hitz kopurua sistemak aurkitu duenarekin konparatuta, nahiko duin geratu den egiaztatzea.

Terraza batean eguzkipean edo itzaletan lagunekin solasean aritzea edota egiteke geratu zen aspaldiko bazkari hori azkenean egitea eta kide zaharren kontu berriekin eguneratzea.

Ezer ez eta festa.

Horiek guztiak egin ditut oporretan. Beno ez. Guztiak ez. Agian egin nitzakeen baina horietako batzuk besterik ez ditut egin. Eta beste batzuk ere bai. Udako zerrenda hau errepasatu behar dut eta klik egin datorren urtean egin beharreko horietan, orduan bai, orduan egingo ditudala neure buruari zin egin.

«Denbora-pasa ez produktiboan aritzeagatik errurik ez sentitzea. Batez ere hori. Oporretan behintzat»

Denbora-pasa ez produktiboan aritzeagatik errurik ez sentitzea. Batez ere hori. Oporretan behintzat.

Horra hor iraila hasiera honetan, neure buruari jartzen diodan helburuetako bat. Baina hori gero izango da. Orain, produktibitate aroa hasiko da berriro ere. Beraz, datorren oporraldirako badut denbora. Ari naiz berriro ere alferrikako denbora-pasa prokrastinatzen. Ene!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!