Hark, bere kable guztiak astintzen zituen bitartean, ingurukoak ezabatzearekin mehatxu egiten zuen «gora gaizkia, gora kapitala» esanez. Berebiziko egunerokotasuna duen esaldia iruditzen zait. Izan ere, eraiki 'dugun' sistema sendoaren partaide-jopuon jarrerak maiz tankera hori hartzen du; alegia, gaizkiari, injustiziari mesede egiten dion gizarte ereduari sostengua ematen diogu, elikatu egiten dugu; gehienetan ia oharkabean. Oso gutxi dira inongo ahobizarrik gabe sorgin hark bezala «gora» esatearekin batera, gobernuen erabakiak 'nora' bideratu behar diren agintzen dutenak. Gutxi dira baina badaude. Hauek ez dira sorginak. Gizonezkoak dira. Errealak dira.
«Hark, bere kable guztiak astintzen zituen bitartean, ingurukoak ezabatzearekin mehatxu egiten zuen 'gora gizakia, gora kapitala' esanez»
Ilunetik dena ez da izango eta Vatikanoko fumata zuriak sortaraz dezakeen itxaropenak, Euskaraldiak biziaraz diezagukeen baikortasun garaiak edota udaberriko giro goxoak sortarazten dizkigun gorputz–sentsazio atseginak gozamenerako aukerak ere ematen dizkigute. Argi izpi dezente beraz, ikusteko moduan dagoenarentzat, bizitzaren alde gozoa nabaritzeko zoria duenarentzat.
Eta kable, gaizkia eta itxaropenarekin katramilatuta nabilen honetan, 'Kit' hitza berriro ere hedabideetan agertu da.
Lehenbizi gerra testuinguruak eraginda izan nuen honen berri. Duela gutxi, energiarekiko dugun menpekotasuna begi bistan utzi duen itzalaldiari lotuta agertu da berriz ere 'kit' hitzñoa. Argindarrik gabeko egun batzuetan aurrera egiten lagunduko lukeela eta, kit-a eskuratzea suharki gomendatuz.
Hondamendi naturalak ohikoak diren lekuetako biztanleek normalizatua omen dute motxila edo dena delakoa etxean gordetzea. Aurreikuspen eta zuhurtziaz jokatzera ohituak daude.
Gerratea ordea ez da naturala, ez eta energia elektrikoarekiko sortua dagoen menpekotasuna. Horien ardura gizakiak dauka. Estrategia da.
Garai nahasi hauek baino lehen nik kit(t) hitza beste gauza batzuekin lotzen nuen: udak luze zireneko telesail haietako kotxe modernoarekin edota txokolatearekin. Nire iruditegian irribarrearekin lotzen nuen eta horrela jarrai dezan nahiko nuke.
Norberak bereari ekin behar dionez, energia baikorrez blaituko dugu ingurua eta barre egingo dugu sorginaren (gizon boteretsuen) mehatxuari aurre eginez, hots, farrik ez gauzak hondatzerik nahi ez badugu. Ea zer geratzen den.