Amets «argiak»

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2025eko otsailaren 15a

Duela gutxi, lo nagoelarik sentitu izan dudan bitxikeria batek izena duela jakin izan dut: «Amets argia». Egia esan, gazteleraz bakarrik topatu dut kontzeptua eta itzulpena neurea da, baina kontua da zientifikoki aztertua dagoen fenomenoa izaki azterketa ugariren iturburu ere badela. Niri birritan gertatu zaidala esango nuke, eta adituen arabera, pertsonen erdiak baino gehiagok sentituko omen du behin bederen bizitzan zehar honelakorik.

Lotan gaudenean bizipena errealitatea ez baino ametsa denaren kontzientzia izatea da «amets argia», eta ondorioz, bizipen hori amaitutzat eman dezakegunaren jakitun izatea. Are gehiago, dirudienez, lo gaudelarik egoera horretan erabakiak hartzeko gaitasuna omen daukagu.

«Lotan gaudenean bizipena errealitatea ez baino ametsa denaren kontzientzia izatea da 'amets argia', eta ondorioz, bizipen hori amaitutzat eman dezakegunaren jakitun izatea»

«Ametsa» abesti, liburu, esamolde eta bestelakotan oso erabilia da, kontzeptu abstraktu, iradokitzaile gisa. Amesteak badu itxaropenarekin zerikusirik, desioen idealizazio ariketa batekin.

Mundu onirikoan dena ez da samurra ordea, eta amesgaiztoak ere baditugu, badaude. Esnatuta ere minutu batzuetan erabat ikaratuta mantentzeko gaitasuna dutenak, nola diren ilunak. Honelakoak, lo–garaian itzartu eta kito, uxa ditzakegu, baina esna gaudelarik, desagerrarazi ezin diren gertakizun ilunak, amesgaizto saihestezin gisa bizi ditugunak ere badaude.

Abeslariak zioen moduan «kolorez jantzia ametsa jada nigana» etorriko balitz ederra litzateke, baina ez dakit amesgaiztoa ez ote den azkenaldian gehien inguratzen gaituena. Esango nuke, zuri-beltzeko etorkizun baten atarian gaudela. Egon gaitezkeela.

Nire berezko ezkortasunarekiko etengabeko tirabira honetan, oraingoan ere aurrera egin behar eta «amets argia»-ren moduan jokatzen dut batzuetan. Urrutiko agintea izango banu bezala, alegia, gogoko ez dudan gertaeren norabidea gidatu dezakedala sinetsiz edo sinesbera plantak eginez. Kontakizunari amaiera emateko bi aukera aurkezten zituzten liburu haiek bezala, errealitatea aldatzea gure esku balego bezala.

Beste zenbaitetan, akitutan nagoenean, ametsik ez dudala egin esateko tentazioa izan ohi dut; egunerokoak dituen ertz ilunei ezikusiarena eginez, norabidea aldatzea baino errazagoa gerta baitaiteke.

Distopia errealitate anker bati buruzko irudipena da; utopia aldiz, errealitate ideala eta aldaketa sozialerako eragile.

Utopika hutsa naizela esan izan ohi dut baina ikusitakoak ikusita, «atipika» naizelakoan nago, mota guztietako erremediorik gabeko «ameslaria».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!