Konplizitateak

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2024ko azaroaren 16a

Iaz azaroaren 25ean egindako ekitaldiko irudia, eraildako emakumeen izenekin aulki hutsak plazaratuz. J.M.

Errenkan, banan bana zenbatzen ditugu tratu txar eta jazarpenak jasaten dituzten emakumeak. Orotara, multzo handiegi bat osatzen dute. Maiz portzentaje bat dira albisteetan. Teoria dirudi.

Eta egunerokoan, izen eta abizen, testuingurua eta duintasuna duten emakume horiek bakarka pairatu behar izan dute beren oinazea, publiko egitea erabakitzen duten arte. Batzuetan denbora laburragoa eskatu die urratsa emateak, bestetan luzeagoa. Sekula egingo ez duenik ere izango da.

Batzuk ingurukoak dira, beste batzuk urrutiagokoak. Edonola ere, gizona ardatz duen sistema berean murgilduriko gizartean txertatuak.

Berdin nolakoak diren. Emakumeak guztiak eta konplize ditut denak.

Bestetik ere izen eta abizen ezberdinak dituzten gizonezkoak, testuinguru eta posizio ekonomiko ezberdinekoak. Boteretsu sentitzen dira, sentiarazi dituzte emakumeekiko. Hauetako askoren artean ere konplizitate sareak ehuntzen dira.

Egun seinalatu bat dugu laster, emakumeen aurkako biolentzia presente izango duguna eta bai, irtengo gara kalera. Egun horretan indarberrituta sentitu ere egingo gara, eredua irauli nahi dugunok gero eta gehiago garela pentsatuz. Hain jendetsuak dira zorionez aldarrikapen publikoak non gizartea kale horietan kabitzen dela dirudien.

Eta aldiz, nabarmena da aurpegi zuritze asko dagoela egun bakar horretan, urteko beste 364 egunetan sistema honen oinarriak zalantzan jartzen ez dituen arauak irensten jarraitzen baita/baitugu. Bestelakorik ezin delako? Errazago delako ubidea jarraitzea? Borondate faltagatik? Auskalo! Simone de Beauvoir-ek esana: «Eskandaluak duen gauzarik eskandalagarriena, bat ohitu egiten dela».

 

«Errazagoa delako ubidea jarraitzea? Borondate faltagatik? Auskalo! Simone de Beauvoir-ek esana: 'Eskandaluak duen gauzarik eskandalagarriena, bat ohitu egiten dela'»

 

Arrain gazte eta zaharraren arteko elkarrizketa datorkit burura. Zaharrak ura nola dagoen galdetzean, harriduraz gazteak, «ze ur» erantzuten dio. Alegia, bertan murgildurik, urik dagoenik ere ez da konturatzen.

Onargarriak ez diren gertaeren berri ematen denean inguruan zebiltzan/gabiltzan itsu-mutu-gor andana ahozabalik eta harriturik geratzen da/gara. Inork ez du horrelako pasarteetako konplize izan nahi. Baina gisa horietako uretan murgilduta bizi gara eta ura egon, badago.

Norbaitek ordea, ura astintzeko adorea izan eta zipriztintzen gaitunean, hots, bakardadean bizitako hori kolektibizatzen duenean, jasotzen duen erantzunak, babesak, tantaka bada ere, aldaketa txikiak badira ere, guztion begiak zabaltzeko balio duela uste dut.

Konplizitatea hedatzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!