Irailean zaharrak berri, gehi berritasun batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2024ko ira. 22a, 07:57

Josefina Altunaren irudiak oinarri hartuta tatuajeak egiten ditu bere ilobak.

Iritsi da iraila, askorentzat opor giroak ematen duen nagia astindu eta ikasturte berriari hasiera emateko unea.

Abuztuan etena oso sakona izan ohi da. Maiz, gehiegi urrutiratu gabe, asko aldentzen gara. Fisikoki, mentalki, intelektualki. Egun, «deskonektatu» esaten den hori ote? Ez dakit, baina errealitatea lausotu egiten dela ematen du, halatsu dirudi.

Egia esateko, ordea, gauza asko gertatzen dira, eta batzuetan, pasarte berrituak urtero edo tarteka errepikatzen diren egoerei dagozkie. Alegia, berritze bat izango balitz lez.

Iragan berri den abuztuan bertan, Afganistandik etorri da albistea, orain ere abuztuan, emakumeen, hots, giza eskubideen errespetuak inongo arnasgune txikirik balute, zirrikitu txikia erabat ixteko, «bertutea sustatu eta bizioa prebenitzeko lege» deritzona onartu dutela iragarriz. 

Olinpiar zein Paralinpiar Jokoak ospatu dira aurten, Parisen, lau urteren ostean; eta oraingoan ere, eman du zertaz hitz-egina; berezko gaitasunaz gain, saiakera gogor eta iraunkorraren ondorioz froga ezberdinetan lehiatu diren kirolarien erakustaldi baten lekuko izan gara. Dominak atzera eta aurrera. Hortaz gain bestelakoetarako ere mintzagairik izan dugu irekierako ikuskizunaren inguruan, kirolarien buru osasun gorabeherak direla, edo Sena ibaiko ur kalitate ona susmopean zela, frogak burutu behar ote zuten edo ez, beste kontakizun eta pasadizoren artean.

Zoritxarreko albiste izan dira aurtengo udan ere herri ezberdinetako jaien testuinguruan egin dituzten sexu erasoak eta baita festarik gabe orokortuegi dauden tratu txar kasuak. 

Turismoaren gorakadaren ondorioz herrietan bertakoek bizi behar dituzten egoera ezberdinen berri izan dugu, bakoitzak nola bizi duen edo nola eragiten dionaren baitan ikuspegi baikor edo ezkorragoa adieraziz; edonola ere, ohiko orekaren asaldatzea nabarmenduz. 

Gauza asko gertatu dira, hauek eta bestelakoak, arinagoak eta gogorragoak, hari-mutur ugari tiraka hasiz gero gai ezberdin bakoitzari buruzko iritzi zentzudun bat egiteko modukoa. Nondik hasi ordea?

 

«Berri batzuk zaharrak baitira, zahar batzuk berri. Ikasturtea hastera doa eta has gaitezen ba, datozen 'bizipenak' berriak izango direlako»

 

Berri batzuk zaharrak baitira, zahar batzuk berri. Ikasturtea hastera doa eta has gaitezen ba, datozen bizipenak berriak izango direlako.

Datorrenari ahalik eta gogotsuen heltzeko, egun argitsuak laburtzen doazen honetan, irribarrea sortu didan istorio eder bat aukeratu dut nik. Nafarroako komiki azoka antolatuko da iraila bukaeran eta bertan urte askoan itzalean, isilean aritu den emakume baten lanak jarriko dira erakusgai.

Ilobak amonaren marrazkiekin tatuajeak egiten ditu.

Amona moderna, Josefina.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!