Irrintzia

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2024ko eka. 9a, 07:57

Nik ez dakit irrintzirik botatzen. Publikoki ez nintzateke ausartuko bederen, oihu tankerako zerbait baita nik egiten dudana.

Zirrara sortzen dit ordea entzuten dudan bakoitzeko eta ezagutu aldiz, ezagutzen ditut irrintzilariak. Irrintzi bikainak botatzeaz gain, jendartean botatzen ausartzen diren emakumeak. Irrintziak botatzen dituzten gizonezkoak ere badaude, baina nik ez ditut ezagutzen.

Bi uste nituen kontakizun dudan gai honen inguruan:

Lehena. Pozarekin, festa giro alaietan erabilia da. Ongietorria edo diosala egiteko ere bai. Horren lekuko, duela gutxi emakume baten poz eta alaitasuna adierazten zuen gertakizun ederra, naturala, bat-batekoa kontatu zidaten. Edota Andragoraren festan emakumez mukuru zegoen gelan entzungai izandakoa. Esaera zahar batek dio: «Pozaldian irrintzi, atsekabean negarti».

Hala ere, tristura, arrangura adierazgarri ere izan daiteke eta horren lekukoak ere badira. Oro har, blaust askatzen, irteten den sentimendu isla borobila da.

Nork ez du mendiko parajeren baten erdigunean deiadar egin pozez edo penaz, barrenak usteko beharrak bultzaturik?

Bigarrena. Antzinako eta mitologia kontuekin loturikoa da. Garai bateko ezkutuko kode baten modukoa. Arbasoen lengoaia. Hala ere, geure burua oso modernotzat jotzen dugun garai honetan ere, entzungai dugu barne ahotsa, funtsean sentimendu bertsuak mugiarazten gaituztelako.

Emozioekin erabat lotua dago irrintzia eta mundu guztian errepikatzen da, modu batez zein bestez izendaturik: zagruta, kulavai, aturuxo

 

«Alarau egiten du pertsonak, lehen eta orain, han eta hemen, sentimenduak kanporatzeko»

 

Alarau egiten du pertsonak, lehen eta orain, han eta hemen, sentimenduak kanporatzeko.

Irrintzi ikastaroak antolatzen dira herri eta leku ezberdinetan. Ziurrenik interesa izango du teknikoki soinua nola bideratu jakiteak, arnasketa eta bestelakoen gorabeherak ezagutzea. Dena den, sakonetik ihes egiten duen zera hori barne su-mendiaren leherketa baten modukoa ere bada. Naturala. Primarioa. Honen bidez askotan hitzez azaldu ezin daitezkeen sentipenak adieraz daitezke.

Nik ez dakit irrintzirik botatzen. Baina barruak bor-bor egiten duenean, egiten didanean, aiaiaiai egiten dut nire kolkorako, nire barruan entzuten dut. Bizitzaren gorabeheren arabera, nola sasi irrintzi hala intziri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!