Bizitza epe luzera antolatu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2024ko urt. 20a, 07:57

Datorren urterako, hots, 2025erako antolatu den aisialdi ekitaldi batera joateko sarrerak erosi ditudala pentsatu eta ia urtebeteko saltoa egiten du agendak urtarrila ekitear dagoenean.

Oraingo egoeran gustura egingo genukeen dena delako hori, aldarte berberarekin etorkizun «urrunean» gozatuko ote dugun jakiteke dago. Bertaratzeko aukerarik izango ote dugunaren arrastorik ere ez dugu. Hain da aldakorra bizitza!

Baina zer gerta ere, kultur edota kirol eremuan bada, izen-ematea ziurtatuta dago. Garaipena hortxe!

Izan ere, ni ote naiz «sarrerak/izen-emateak aspaldi agortu ziren» entzuten duen pertsona bakarra, demagun hamabost egun barru gertatu behar duen jazoera baten inguruko interesa adieraztean? Honelakoetan, «egon hadi lo eta jango dek/n mehe» dioen barne ahotsak burrunbatzen dit burmuina, deseroso.

Benetan batzuk lo ote gaude? Edo beste inertzia, eta baita maiz interesak ere tarteko dira, dinamika hauek gailentzeko?

Planifikazio gaitasun egokia izatea lagungarri bada ere, gure etorkizuna antolatzeko egokia den eperik ba ote den jakin nahiko nuke, jakiterik bada. Enpresetan esaterako, Plan Estrategikoen epeak murriztu egin dituzte testuinguruaren aldakortasunak aurreikuspen asko hankaz gora jarri eta beste errealitate eta baldintzapean kokatzen duelako merkatua.

 

«Egia esatera, beti eman da aurrez hitzartu eta erosi beharreko bilkura, sarrera edo bisitarik. Baina errealitatea onartuz ere, aurretiaz eta askotan norberaren eskuetatik at dauden bitartekoz lotu beharreko derrigortasunak sortzen dit ezinegona»



Egia esatera, beti eman da aurrez hitzartu eta erosi beharreko bilkura, sarrera edo bisitarik. Baina errealitatea onartuz ere, aurretiaz eta askotan norberaren eskuetatik at dauden bitartekoz lotu beharreko derrigortasunak sortzen dit ezinegona. Ulertzekoa baita ikuskizunaren antolatzaileek errentagarritasuna zenbatekoa lehenbailehen izan daitekeen jakin nahi izatea; edota eskari handia dagoenean salmenten abiadura azkarragoa izango dela pentsatzea.

Ekimenetako sarrerak kudeatzen dituzten plataformen askotariko trikimailu eta azpijokoen berri izateak ulergarria den hori susmagarri bilakatzen du maiz, ordea.

Bestalde, barneratua dago teknologiaren ia erabateko beharra honelako eskaerak egiteko; hala ere, click edo enter eman eta ezin aurrera egiteak inpotentziaren gailurrera eraman gaitzake. Galdua da aukera, besteren baten mesedetan.

Zaharkitua geratzen ari naizenaren froga izan daiteke aipaturikoa. Baliteke. Artaldeko kide otzanaren sentipen etsitua, akaso. Edozein kasutan, saltoka saltoka urrunetik eta urrutira begira baino, urratsez urrats, presio eta antsietate gehiegirik gabe bidea egunero eginez bizi nahiko nuke aurtengoa, 2024 urtea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!