Emakume izanik gizonen neurrira moldaturiko gizarteak modu orokorrean finkatzen dituen espektatibetara iristeko gainditu beharreko langak ezberdinak dira, eta labur esateko, maiz emakumeoi egokitzen zaigu, istorioaren sorreran parte hartu ez dugun zerbaiten albo-kaltea izatea.
Kirolaren testuinguruan hainbat gertakari ezagutu dira azkenaldian, baina bat aukeratuko dut. Ingalaterran, Futboleko Munduko Kopa ospatzerakoan, emakumeen aurkako indarkeriaren gorakada nabarmena gertatu zen (dirudienez errealitate krudel hau ez da munduko zonalde honetara mugatzen). Administrazioak sentsibilizazio kanpainak egin zituen ematen ari zen izugarrikeriak behartuta. Eta emakume batek, modu partikularrean egindako ekimen bati esker, babesa eskaintzeko modua ere zabaldu zuen sare sozialetan. Bada artikulu esanguratsu bat hau guztia jasotzen duena: Futboleko Mundialean, nork irabazten duen inporta gabe, emakumeak galtzen du.
Beste adibidea, gerrateei buruzkoa da. Erasorako deialdietan ez da emakumeen presentziarik nabarmentzen, baina ondorio lazgarrien irudi ikusgarrienetakoa izaten da. Honetan ere hain esanguratsuak dira datuak non, duela hogei urte baino gehiago Nazio Batuetan 1325 ebazpena onartu baitzen. Bertan, gatazken konponbideetan emakumeen presentzia handiagoa bermatzea eta bakea mantentzeko ekimenetan genero ikuspegia txertatzea aldarrikatzen da, besteak beste. Egunotan ordea, palestinarren aurkako erasoaldi bortitza ikusita, duela ia 25 urte bai Israel zein Palestinako emakume batzuk sorturiko ekimena datorkit burura: Beltzezko emakumeak. Urtetan, astero bildu izan dira bakea elkarrekin aldarrikatuz eta bere ereduak nazioartera egin du salto.
Hirugarren gogoetak azaroaren 25ari egiten dio erreferentzia. Emakume askok pairatzen duten indarkeriaren adierazpide gogorrenak ez du etenik eta aitzitik, gora egiten jarraitzen du itxaropena sorrarazi beharko liguketen belaunaldi berrietan. Emakume asko (eta espero dezagun gizonak ere bai) aterako gara kalera elkartasuna adierazi eta matxismorik gabeko gizartea eskatzera.
Jarrai genezake beste errealitate askorekin…
«'Genero geurekoikeria'. Gogorra dirudi? Ez da emakumeon estiloa? Ez dakit. Geure buruak zaindu behar ditugu, bizitzan aurrera egiteko. Bakoitzak berean. Hori badakit»
Guztietan, emakumeak emakumeen alboan aurkitzen ditugu. Gure bizitza askotan jasangarri bilakatzeko ahizpatasuna elkartasunean oinarrituriko keinuak garrantzizkoak direlako noski, baina azkenaldian ikusten ditudan gehiegikeriaren aurrean, niri ere beste kontzeptu bat etorri zait burura: «Genero geurekoikeria». Gogorra dirudi? Ez da emakumeon estiloa? Ez dakit. Geure buruak zaindu behar ditugu, bizitzan aurrera egiteko. Bakoitzak berean. Hori badakit.