Kate motzetik kate luzea eramatera

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2023ko ira. 4a, 07:58

«Mugitzen ez denari kateek ez diote trabarik egiten», adierazi zuen Rosa Luxenburgok. Emakumeak kate motzean lotzeko egindako saiakerak ezagunak dira. Legez, ohitura eta usadioz zizelkaturiko gizartean ezkutatu eta ikusezin bihurtu nahi izan dira hainbat lan eta funtzio inoiz inork egin izan ez balitu bezala; merezitako onespena saihestuz, gutxietsiz.

Gogoeta hau etorri zitzaidan Gipuzkoako herri batera joan eta bertako «industria» zahar baten kontakizuna egitean, emakumeen lanaren gogortasunaren berri eman zigutenean; ekoizpenak aurrera egin nahi bazuen funtsezkoa zen saihestezinezko lan feminizatua.

Urratsez urrats bidea egin denez, gaur egun begiratu eta entzun nahi duenak edonon irakur eta entzun ditzake etxeko eremu pribatuan egin izan diren hainbat lan; isilean eta itzalean; nola ez, agerian jartzen joan dira eremu publikoan egindako lanak ere, kasu askotan oso berandu arte gizarteko onarpenik jaso izan ez duten arren.

Izan ere, guzti honetaz, hainbat ikerlan dago Euskal Herrian baina baita gure herriaz haratago. Beheko lerroetan mendeetan zehar egindako lan eta enplegu ezberdin batzuk zerrendatuta badoaz ere, kateak ez du etenik eta nahi adina luzatuko da garaiak aldatzen diren neurrian.

Aktore edota antzezlari, aberezain, albaitari, arrantzale, astronauta, biltzaile (mahats, oliba, bestelako fruitu), dantzari, dendari, egur garraiatzaile, emagin, enguenterak, enpresari, epaile, erizain, fabrika langile, futbolari, garbitzaile, garraiolari, gidari, idazle, ikerlari, iñude, irakasle, isil mandatari, itsaskilari, jostun, kazetari, konpontzaile, koordinatzaile, laborari, legelari, letrina-garbitzaile, lisatzaile, meatzari, mediku, musikari, nekazari, raketista, saregile, sirgara, sukaldari, telefonista, urketari, zaintzaile, zamari, etab.

 

«Aipaturiko batzuk borondate eta kemen handia izanez eta zailtasun askori aurre eginez lortutako postuak dira, besteak ohituraz egokiturikoak eta hori bai, guztiak beharrezkoak gizartearen garapenerako»



Alfabetikoki antolaturiko zerrenda da eta irakurketa bakoitzeko beste zeregin-enplegu-lan berri bat gehitzen dut. Irakurleak, zuk, alegia, ziurrenik tartekatu dituzu beste hainbat ofizio zerrendan zehar. Aipaturiko batzuk borondate eta kemen handia izanez eta zailtasun askori aurre eginez lortutako postuak dira, besteak ohituraz egokiturikoak eta hori bai, guztiak beharrezkoak gizartearen garapenerako.

Adimen artifizialaren garaiotan erronka berriak ugari izango ditugu eta hor ere izango dugu emakumeok gure zeresan eta zeregina. Ea galduriko azken kate-begia izatetik, datozen belaunaldietako neskei kate luzea emateko gai garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!