'Labaderotik' Andragorara, emakumeen espazioak eguneratuz

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2023ko mai. 27a, 07:57

Gabritzailea labadero publiko batean, XX. mende erdialdean. FOTOTEKA KUTXA

Betidanik eman didate arreta labaderoek. Harri ezberdinez sortutako eraikuntzak, ur korronteek hornituak eta lehen bistan arropak garbitzeko funtzioa besterik ez duten guneak. Mota eta neurri ezberdinetakoak daude; batzuk politak eta ikusgarriak, beste batzuk aldiz xumeagoak.

Erreka bazterretara, ur emarien ingurura gerturatzen ziren garai batean emakumeak eta han egiten zuten maindire, zapi eta jantzi garbiketa. Batez ere landa guneetan. Herri harraskak, publikoak, herrietan kokatzen ziren orokorrean.

Garbiketa emakume guztiek egiten ez bazuten ere, soilik emakumeen zeregina zen. Adin eta mota ezberdinetakoak, baina emakumeak.

Hainbat lekutan harraska hauetako istorioen berreskurapen lanetan aritu dira eta dihardute. Interesgarriak ikerkuntza hauek; izan ere, egiteko pribatu hau, publiko eta politikoa ere bazen.

Lan gogorra eta nekeza zen arren, familia eta etxeko eremuan egindako lanetara mugatzen zen emakume askorentzat, askatasun eta harremanetarako esparru, gune ere bilakatzen zen. Lagunartean elkartu, kontu kontari, txutxu-mutxuan aritu eta olgetan egiteko unea ere bihurtzen zen. Emakumeen espazioa. Gaian aditua izan gabe, irakurri izan dudanagatik, tarteka garbiketak egitearen aitzakian lagunartea elkartu eta aisiarako abaguneak ahalbideratzen zizkieten herriko neskei zein andreei.

 

«Emakumeen espazioa. Gaian aditua izan gabe, irakurri izan dudanagatik, tarteka garbiketak egitearen aitzakian lagunartea elkartu eta aisiarako abaguneak ahalbideratzen zizkieten herriko neskei zein andreei»



Artean haur nintzelarik, Montezkue auzoko harraska ezagutu nuen. Nire iruditegian agertzen den lehena dut. Beste batzuekin alderatuta xumea dela ere esango nuke baina sarri datorkit burura, batez ere garbiketatik haratago, sozializazio esparru gisa izan zuten garrantziaz jabetu nintzenetik.

Herri ezberdinetako labaderoak ikustea gogoko dut, bai. Eta hainbatetan agertzen diren argazki eta azalpenei begira egoten naizelarik, buruak iraganerako bidaia egiten dit, bertako esamesak ia entzungai bihurtu arte.

Tolosan emakumeon plaza izenekoan, iturria badago. Ez dakit Montezkueko labaderoko ur emari berdina jasotzen zuen edota inoiz bertaratutakoen artean solasaldirako abagunea bideratzen ote zuen; dakidana da, orain, emakumeontzat gune bat eratu dela.

Elkarren arteko topagunerako gonbita izan nahi duena.

Bertaratzeko aitzakiarik asmatu behar ez duen tokia. Iturriaren ondoan dago, Andragora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!