Patxadari buruzko gogoetak

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2023ko mar. 26a, 07:59

Martxoa badoa, udaberri usaia dario aireari eta Zea Maisen Negua joan da ta neure buruan bueltaka darabilt, epeltasuna neguko hotzaren aldean gustukoagoa dudalako. Etor bedi, beraz, azkar!

Hilabete honek ere badu denboraren neurketa honetan beste mugarri bat. Ordu aldaketa. Udako ordutegiak gidatuko ditu hurrengo hilabeteak. Egunak luzeagoak izango dira. Bai ederki, etor bedi hura ere, azkar!

Denboraz gozatu ordez, askotan pertsona askok etorkizuna, iritsi orduko irentsi egiten du(gu). Digestiorik egin gabe, prozesatu gabe, konturatu gabe. Presaka.

Guztiari etekina atera behar zaion garaiak bizi ditugu. Denbora ere «probestu» egin behar da. «Egon hadi lo eta jango dek mehe» ezagunak, alferkeri eta nagikeriari buruzko balorazio zehatza ematen digu. Zer esan nahi du ordea lo egoteak?

 

«Hezkuntza emozionalari, gure barneko begiradari ustez garrantzi handiagoa ematen zaion arren, irudipena daukat orokorrean eta oraindik ere, ekintza ezberdinen pilaketak ematen diola denborari zentzua»

 

Hezkuntza emozionalari, gure barnerako begiradari ustez garrantzi handiagoa ematen zaion arren, irudipena daukat orokorrean eta oraindik ere, ekintza ezberdinen pilaketak ematen diola denborari zentzua: ikastaro, hitzaldi, kirol jardunak, lanaldia eta azken batean, norberaren lehentasunen barruan mailakatutako betebeharren zerrenda amaigabeak. Azkar, bata bestearen atzetik. Eta zenbat eta gauza gehiago egin orduan eta efizienteagoa da pertsona; ez nagia. Beraz, kasu honetan eta batzuen begiradapean, denbora tarte batean zenbat eta gauza gehiago egiteak baliotsu egiten du pertsona.

Eta hara non, azkenaldian zaintzari buruzko gogoeta ezberdinak partekatu ditugu; hau da, egoki egitekotan ordulariaren menpe erabat ez egotea eskatzen duen lan edo eginkizuna. Balio handiko zeregina inolaz ere.

Lagun edo kide batekin konfiantzazko eta konfidentziazko arratsalde osoa eta bileraz bilera edo ekintzaz ekintza beteriko arratsaldea, epe bera dira. Baina bizipena oso ezberdina da. Zeinen erlatiboa den denboraren kontzeptua bi kasu hauetan. Nork atera dio arratsalde horri etekin hobea? Subjektiboa, inondik inora.

Badoa negua, eta joango da udaberria. Badoa denbora. Zertarako erabili nahi dugun gure esku dago. Maiz kontraesanetan topatzen dut neure burua. Etorkizun hurbila erakargarriagoa izango delakoan eta prest egon behar dudalakoan, ezinegona sumatzen dut; presa. Eta aldiz patxadaz bizi nahi dut. Gozatu.

Erantzuna neronek eman dut eta ez dakit urratsak emateko moduan nagoen. Egoera batean ezinegona azaldu da eta bestean gozatzearen ideia.

Patxadaz pentsatu beharko dut…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!