Bakardadea saihestea da helburua

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2023ko urtarrilaren 15a

Garai batean lagunarteak plaza betetzen zuela eta gaur egun jendea (ez dut onartzen gazteen kontua soilik denik) bere mugikorretan murgilduta kalean dabilela esatea ohikoa da. Denetarik dago baina besteak beste, espazio publikoen murriztearen ondorioz, kale hotsa urriagoa dela ontzat eman dezakegu.

Gizartearen aldaketetara moldatu behar garela ere gauza jakina da.

Ez dakit zehazki duela zenbat urte hasi ziren gurean mugikorrak ugaltzen. XX. mende bukaera eta XXI. mende hasiera inguru.

Nik, adinean aurrera noanez, ederki gogoan daukat gure etxean telefono finkoa jarri zutenekoa. Gondola deitzen zitzaion horietakoa zen.

Gaur egun ordea, telefono finkoak etxeetatik desagertzen ari dira. Zertarako behar da telefono finko bat etxeko bizikide bakoitzak bere mugikorra badu?

Tramankulu honek erosotasun eta bizi kalitatean on egin duelakoan nago, harremanak erraztu dituelako, izan ahots formatuan izan orain, whatsapp, bideo-dei eta bestelakoetan. Moduak aldatu dira.

Eta honetan ere, mugikorrarekiko gehiegizko lotura, adikzio modukoa existitzen da, Nomofobia izena du eta zehazki, konexioz kanpo egoteko beldurrak sortzen duen ondoeza adierazten du. Deskonektatua egotea, mundutik erauzita egotearekin lotzen delako agian? Zerbaiten parte ez izateko beldurrak jota akaso?

 

«Bakardadea mende honetako pandemia dela esaten da. Indibidualismoa gailentzen den gizarte honetan harreman sarea ahuldua dutenen kopuruak zer pentsatua ematen du»



Guztiak bezala, zertarako erabiltzen den, horrek emango dio balioa asmakizunari.

Lagunarteko harreman informala, kontu kontari besterik aritzeko edota beharrean zein egoera zaurgarrian dauden pertsonek laguntza lor dezakete uhinen bidez. Esaterako, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa edota tratu txar ezberdinen aurrean eskura dauden zenbakiak.

Bakardadea mende honetako pandemia dela esaten da. Indibidualismoa gailentzen den gizarte honetan harreman sarea ahuldua dutenen kopuruak zer pentsatua ematen du.

Lagunak, ezin dira artifizialki eraiki eta ez du preziorik. Baina balio izugarria du. Gauza gehienak bezala, balio gehien duten horiek preziorik ez dutelako.

Ondorioz, aro digitalean bizi garenontzat bada erronkarik eremu honetan; gailuaz haratago, berauen atzean jendea egon dadin lortzea; deitzen duena artatuko duen norbait bestaldean egotea.

Pertsonen betiko sozializazio beharrei garai bakoitzaren barruan bitartekoak moldatzean dago gakoa. Plazarik ezean, uhinen bidez. Eta biak badira, askoz hobe!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!