Osasunaren gorabeherak

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2022ko urr. 22a, 07:59

Osasuna munduko osasuna»; egia galanta. Eta behin eta berriro errepikatzen diguten arren, osasun falta ez da ezinbestean gaixotasuna. Osasunak ongizatearekin ere badu zerikusirik.

Iragan astean Buru osasunaren nazioarteko eguna ospatu zen eta zer pentsatzeko aukera eman zigun.

Izan ere, anbulatoriotan askotan artatzen omen dira ondoeza, ezinegona adierazten duten baina gaixotasun zehatzik atzematen ez zaizkien pertsonak. Besterik gabe, ezina dute; tristura; «zerbait». Bere garaian Betty Friedan-ek Feminitatearen mistika-n aipaturiko kontzeptuaren «izenik gabeko arazoa» dei diezaiokegun birmoldaketa datorkit burura. Gizarteak ezarritako arau zurrunak bete beharrean borroka etengabean ari diren eta hautsi egiten diren horiek. Arazoa larritu egiten da, azken datuen arabera buru osasuneko hitzordu kopuruak gora egin duelako eta sendagilearengana jotzen duten paziente asko nerabe eta gazteak direlako.

Gizarte ereduek norbanakoari ezarri dizkigun arau eta betebeharrek estutzen eta itotzen gaituzte. Asko eta asko noraezean garamatzan lasterketa ero honek gaixotzen gaitu, edo gaixotzera iritsi gabe ere, itzaltzen gaitu, iraungitzen gaitu.

 

«Arazoa larritu egiten da, azken datuen arabera buru osasuneko hitzordu kopuruak gora egin duelako eta sendagilearengana jotzen duten paziente asko nerabe eta gazteak direlako»



Tolosaldean, ikastetxe zein bestelako erakundeen ardurapean buru osasunaren inguruko ikerketa ezberdinak egin eta egite bidean dira. Gobernu mailan estrategia eta lan ildo berriak martxan jarriko omen dira eta oro har, gaiari dagokion garrantzia emango zaionaren zantzuak daude. Behin emaitzak esku artean izanik, baliabide nahikoa jarriko den ikuskizun geratuko gara.

Dena den, ikerketa prozesuak zein azken emaitzaren gizarteratzeak badu nire ustez bere horretan garrantzirik.

Izanak izena omen du eta izen egokiak jartzen hasi beharko dugu. Gaixotasuna al da? Nekea al da? Ezinegona?

Gaixotasuna zer den eta bizitzako gorabeherak zeintzuk diren ezberdindu behar dugu. Dena ez dugu «patologizatu» behar. Badaude diagnostiko klinikorik ez dituzten ondoezak.

Burutazio hauetan nabilelarik bi ondorio nagusi datozkit; lehena, buruko gaixotasunari buruzko ikerketan sakondu eta jarraitu behar dela eta bestalde, ondoez emozionalari aurre egiteko aringarriei buruz ere gogoeta serioa egin beharko genukeela, prebentzioan gure onenak ematen, bestela, pertsonak gaixo kategoriara pasa eta munduan etiketa horren barruan kokatzeko arrisku handia baitago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!