Erreka Mariren oihartzunak

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2022ko uzt. 9a, 20:58

'Aita Mari' dokumentalaren fotograma bat.

"Ez da gure modukoa! Honela zioten herrikoek eta bera bizi zen erreka ere zikindu egin zuten bertan bizi ez zedin".

Ez da gure modukoa! Honela zioten herrikoek eta bera bizi zen erreka ere zikindu egin zuten bertan bizi ez zedin».

Erreka Mariren ipuinak ikasgai asko jasotzen ditu nire aburuz. Lehenengoz antzerkia ikusi nuenean, artean ume nintzelarik, ingurunea eta ekologia zaintzearen garrantzia azpimarraturik geratu zitzaidan. Ingurunea eta zehazki errekak garbi mantendu ezean, izaki bizidunek beren bizitokia galduko baitzuten. Egia esan, une berean, euskal mitologiarekiko grina ere sortarazi zidan azken lamiaren existentziak eta honela hainbat liburu ere irakurri nituen non berezitasun nabarmenak zituzten pertsonaiak ezagutu nituen (begibakarrak, indartsuak, eta abar). Urte batzuk pasa eta ipuina edo antzerkia berrikusi dudanean egin ditut bestelako irakurketak. Esan bezala, gizartean ematen diren errealitate asko biltzen ditu kontakizun eder honek eta irakaspen ugari azaltzen ditu; Enkarni Genuaren obra benetan osoa da.

Egunotan, maizegi entzuten ditugu Bidasoan gertaturiko heriotzak eta Aita Mari itsasontziaren lanen berri ere badugu. Batzuk alde egin nahi dute eta beste batzuk hartu nahi ez. Ongietorririk eman nahi ez.

Heteropatriarkatuak ezarritako mandatuekin bat egiten ez duten pertsonek jasan behar dituzten egoera larri askoren jakitun ere bagara.

Buruko gaixotasuna duten pertsona askok pairatzen duten bazterkeria eta jasaten duten estigma ere errealitate gordina da.

Eta honela, zerrenda luzatzen joan gaitezke; kolore, irudi fisikoa, maila ekonomikoa eta hainbat ezaugarri ukatua, kanporatua izateko aitzaki bihur daiteke.

 

«Egunotan, maizegi entzuten ditugu Bidasoan gertaturiko heriotzak eta Aita Mari itsasontziaren lanen berri ere badugu. Batzuk alde egin nahi dute eta beste batzuk hartu nahi ez. Ongietorririk eman nahi ez»



Ez baitira gure modukoak horiek guztiak.

Norbaitek esan beharko dit «gure» hori nork finkatzen duen. Zuriek? Gizonezkoek? Dirutan aberats direnek? Zisgeneroek? Aipaturiko ezaugarri guzti horiek bere baitan jasotzen dituztenek?

Diskurtsoetan, errespetu eta tolerantzia aipagai dauden arren, errealitateak alderantzizko bizipenak erakusten dizkigu nahi baino gehiagotan. Berriro ere «esana eta egina bi dira».

Aniztasunak ematen duen oparotasunaren aurrean, errefusatzen dena ezjakintasunak sortarazten duen beldurrak eragina dela pentsatu nahi dut edota ziurgabetasun sentimenduak. Egin beharko diogu aurre guzti honi, besterik ez bada, poetak esan zuen bezala, «nigana etorri ziren eta beranduegi izan» daitekeelako.

Erreka Mari pozik bizi zen, bakean eta alai. Baina ez zen gure modukoa. Eta zer? Eskerrak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!