Bizitza serio hartzea

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2022ko mai. 15a, 20:58

Bizitza serio hartzen duzun horietakoa zara edo larri hartzen duzun bestelakoa?

Azkenaldian, komunikabide ezberdineko albisteak jarraituz, munduaren amaiera ertzean gaudenaren itxura hartzen dut. Albistegietako berri eta kontakizunek, munduan zehar ematen den errealitatearen ikuspegi oso ezkor eta gogorra islatzen dute. Beti ez agian, baina maiz, oso maiz.

Honelakoak izango direla ukatuko ez dudan arren, pandemia, gerra eta ekonomiaren zenbaki gorri-gorrien ondotik albiste gozoago eta alaiagoak izango direnaz ziur naiz. Betikoa, ordea. Saldu, besteek saltzen dute. Sentsazionalistak izango gara, agidanez.

Maskararik apenas ikusten dugun garaiotan eta pandemia gehienontzat oroitzapen txar bat besterik ez den honetan, ondorioen berri jakiten hasi gara. Eta hara non Doomscrolling edo albiste txarrak kontsumitzeko ohitura eta beharra garatu omen duten pertsona askok.

Buru argien beste ebidentzia zientifiko batzuk erreparatuz, agerikoa omen da ezkortasun guzti horrek modu jarraituan buru osasunean eragiten duen kaltea. Berriro ere, hortaz, orekaren beharra nabarmentzen da. Gertaera makurrak saihestezinak direnean, oreka jarreraren barruan egon daiteke. Kalteari edo gaitzari aurre egiteko aldarte edo moduan.

Seriotasun hitza batzuetan, tristura, drama eta honelakoekin harremantzeko joera dago; larritasunarekin, alegia. Eta munduan zehar gertatzen diren eta kolpetik iristen diren zoritxarreko jazoerak hainbeste direnean, bizitza serio hartzea erabaki dut. Izan ere, mundua hobetu daitekeenaren kontzientzia izan eta gure aletxoa jartzea gauza bat da eta bestea etengabe auhen egiten aritzea da.

 

«Bilatu gabe gehiegitxotan iskin egin nahi diegun arren, bete-betean aurkitzen gaituzten kolpeak asko direlako, bizitza serio bizitzearen aldeko aldarria egin nahi dut oraingoan; alegia, une oro errepikaezina izango denaz sinetsita egotea»



Urteetan aurrera joan ahala, egun batetik bestera, bat-batean norberaren bizi egitura goitik behera alda daitekeela ezagutzeko aukerak gero eta gehiago izaten dira. Eroriz, eroriz, oinez ikasten da eta ikasgai garrantzitsua iruditzen zait alferrikako sufrimendutan denbora ez galtzea.

Bilatu gabe gehiegitxotan iskin egin nahi diegun arren, bete-betean aurkitzen gaituzten kolpeak asko direlako, bizitza serio bizitzearen aldeko aldarria egin nahi dut oraingoan; alegia, une oro errepikaezina izango denaz sinetsita egotea. Bizitza bakarra delako, pasatzen uzten den egun bakoitza, egin nahi eta inoiz egiten ez den bidaia, gozatu gabeko lagunarteko abagunea sekula bueltatuko ez delako. Askotan ez da erraza, ados. Baina bizitzak honela zentzua hartzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!