Mundu birtuala eta erreala uztartu nahian

Erabiltzailearen aurpegia

Gaur egun zabalduago dauden arren, urte batzuk ditugunok gogoan dugu betaurreko handi xamar batzu jarri eta errealitate birtual bat ikusteko modua izan genuenekoa. Haiek kentzearekin batera, berriz errealitatera bueltatzen ginen. Sekulako esperientzia zen hura!

Tresneria ezberdinekin bada ere, itxialdi eta muga fisikoak ohikoak izan diren garai honetan hamaika ekimen egin dira modu birtualean; esaterako, lasterketak, askotariko ikuskizun edo museoetara bisitak.

Ilusio efektu hori lagungarri gertatu da bizitzako egoera zailei aurre egiteko eta zergatik ez esan, besteak beste, elkartasun esparru askotarikoak sortzeko ere.

Adibide bat jartzearren, birtualki egin dudan azken gauza, Lilatoia izan da. Kilometroak errealak ziren eta korri egin behar izan genuen, baina lasterketaren antolatzeko modua birtuala izan zen. Alegia, teknologia berrien bitartekaritzarekin lasterka aritu ginen lasterketan egon gabe. Bakoitza bere kontura, indibidual edo talde txikitan. Taldearen zirrara, indarra sentitu gabe, baina gizarte parekide, hots, demokratikoago batekiko konpromisoarekin bat eginda.

Izan ere, hori baita gakoa; gauzak aldatzeko gaitasuna gure baitan dagoela. Urtebete inguru joan da gure bizitza errotik aldatu zenetik. Askotariko gogoetak egiten ziren mundua nola aldatuko ote zen asmatu nahian: elkartasuna nagusituko zen gizarte berri baten sorburuan ote geunden, zaintzaren garrantziaren onarpen publikoak balore sistemaren aldaketa ote zekarren, eta beste asko.

Krisiak aukera modura har daitezke, erantzun berriak asmatzera behartzen dutelako askotan, eta urtebete nahasi honen ostean, hobetzeko aukera ere hor dagoela sinistu nahi dugu; baina oraingoz, ikuskizun gaude. Oso ezkor ez jartzearren, esan dezadan perspektiba falta zaigula.

Edonola ere, hobetzeko bidean pausoak eman nahi baditugu, ezin dugu zortearen esku erabakirik utzi, zortea ez baita subjektu aktibo. Erabakiak emakume eta gizonezkoek hartzen ditugu, bakoitzak bere mailan eta testuinguruan. Etorkizunaren nondik norakoa neurri batean gurea ere bada.

Hobetzeko bidean pausoak eman nahi baditugu, ezin dugu zortearen esku erabakirik utzi, zortea ez baita subjektu aktibo. Erabakiak emakume eta gizonezkoek hartzen ditugu [...].


Fikzioan erabat murgilduta egoteko edota makro-datuekin galduta sentitzearen ondorioz ostruka moduan ingurua ikusi, entzun edo jakin nahi gabe egotea ere beste aukera bat izan daiteke. Urruntzea. Kontua da, noizbait errealitatearekin topo egin beharko dugula, eta gu gurean genbiltzan bitartean auskalo nolakoa bihurtu ote diguten!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!