Zorionmetroa

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2021ko urt. 17a, 19:58

Urtea bi logiken barruan banatzen dugun pertsonak gaude. Ikasturtea ardatz hartuta edo urte naturala mugarri hartuta. Esango duzue, egitekoaren arabera logika bat edo bestea aplika daitekeela eta noski, ñabarduretan sartuz gero, zenbat buru hainbat aburu! Baina esperientzian nik bi joera nagusi horiek ikusi ditut eta bietan, itxaropena amankomuneko elementu antzeman ditut. 

2020 urtean ordea beste logika bat ere gailendu zaigu, urtea bitan banatzeko marra martxoan jarri baitzen: pandemia aurreko eta pandemia osteko «aroa».

Artikulu irakurleok, orain 2021eko urtarrila izanik, helburu-egiteko-erronka zerrenda egingo duzue askok, 2020koa salbuespen urtetzat jo nahi baitugu ziurrenik. Ilusio eta itxaropen berrituz beste etapa batean sartu nahi izatea osasuntsua da, psikologikoki batez ere. Are eta gehiago, gehien gailendu zaizkigun adierazle eta albisteak, BPG erorketak, kutsadura portzentaiak eta honelakoak izan direnean. Pisutsua, grisa.

Aurrera egiteko, zoriontsu egingo gaituzten erronkak finkatzen jarraitu behar dugu. Eta horretarako, geure buruarengan barne begirada findu behar dugu, sentimenduak subjektiboak baitira; zoriontsu egiten nauenak edo besterik gabe, atsegin ematen didanak, niri balio dit eta ez derrigor hurkoari. Askotan, dena den, arlo bertsuak aipatzen ditugu guztiok ongizate edota zoriontasuna zerk ematen digun aipatzean.

Nik jakin banekien Bhutanek Nazio Zoriontasun Gordin indizea  ezarria duela 1972 urtetik

Aurreko batean, Kopenhagen kokatua dagoen Zoriontasun institutuan lanean diharduen kide baten elkarrizketa irakurri nuen. Beste lekuren batean antzeko instituturik badagoen arren, Danimarkako hau, zoriontasunari buruzko gogoetak egiteko gune gisa definitzen da.

Nik jakin banekien Bhutanek Nazio Zoriontasun Gordin indizea ezarria duela 1972 urtetik. Neurri politiko eta publiko zehatzak hartzen dira zorion sentimendua bertako populazioan erdiesteko, argi baitaukate, pilaketa materialak bere horretan ez duela zoriontasuna ematen.

Bhutango kasuan bederatzi adierazle hartzen dira kontutan neurketa egiteko. Danimarkakoan, besteak beste Nazio Batuek emandako erreferentziazko adierazleak kontutan hartuz garatzen duten beren rankinga.

Xalo izan gabe, ez legoke gaizki sartu garen urte honetan, hemen ere honelako neurgailu bat ezarri eta adierazleak finkatu ostean, beraien garapena ona izan zedin, politika publikoak martxan jartzea. Nik Zorionmetroa deituko nioke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!