Ondoren jakin nuen egia zela 1816ko udan, Tanbora sumendiaren leherketak askaturiko gas, errauts eta abarren ondorioz urte ezberdin, zail bat bizi izan zela.
Aurten izango da uda, baina berezia, ezohikoa. Normaltasun ez normal honetan, udara ulertzeko modu berria.
Garai hartan eguraldi txarrak etxe inguruan gelditzera gonbidatzen zuen moduan, oraingoan urrutira gabe ibiltzeko gomendioek ere hainbat ohitura aldaraziko ditu. XIX. mendeko Udaezuda hartan izan zen gauza onik ere, ekoizpen eta sormenerako iturri izan baitzen; esaterako, Frankenstein pertsonaia orduantxe sortu zuen Shelly andereak.
[...] 1816ko udan, Tanbora sumendiaren leherketak askaturiko gas, errauts eta abarren ondorioz urte ezberdin, zail bat bizi izan zen
Azkenaldian maiz datorkit burura kontua hura eta artistak bere ekoizpen lanetan murgilduta ikusten ditut; artista ez zirenak bestelako zereginetan.
Errealitate berdinak ondorio ezberdin asko izan ditzake, baikor zein ezkor, txuri-beltz zein koloretsu; interpretazio kontua da askotan.
Martxotik hona bizitako egoerak dagoeneko izan dute isla arlo ezberdinetan: lan eta ikasketa ohiturak, ohitura sozialak, abesti, liburu, etab. Norberak balora beza!
Datozen asteotan ere berrikuntzarako aukera handiak izango ditugu. Izan ere, zuhurtziazko neurri-mugak tarteko, asko urrutiratu gabe aisialdirako zer edo zer asmatu beharko dugu.
Eta horretan geundela, hauteskundeak sartu dituzte. Udan. Plaf! Bakea eta lasaitasun ez normala are gehiago arrarotzera.
Tira! Hori ere pasa dugu eta orain, emaitzei dagokionean «zaharrak berri» suertatu da itxuraz. Beste alde batetik, ordea, irakurketa sakonak egiteko adina gertaera eta ondorio izan da hauteskunde berberetan.
Hasiko gara udazken eznormalean (Noiz bihurtzen da eznormala, normal?) egunerokotasunari erantzuten. Hiritarrok moldagarritasuna erakutsi dugu egoera berrietara egokitzeko. Politikari «zahar-berriek» irakurketa horiek egiteko aldartea izango ote duten, ordea, ikusteke dago.
Bitartean, ondo pasa!