Errumanian egon naiz egun hauetan, bertan bizi den Arrasateko lagun bati bixita egiten. Herrialde zoragarri bat ezagutu ez ezik, posta bidezko bozka ematearen abentura ez hain liluragarria ere azaldu didate bertan. Ainarak hauteskundeetan parte hartu nahi zuela argi zuen. Lehenengo aldiz harrapatuko dio atzerrian nahaspila guzti horrek eta erne ibili zen. Eskabide formal guztiak bete zituen, enbaxadara mila buelta eman ere eta ez zuen epe mugarik gainditu. Ala eta guztiz ere bere postontziak hutsik darrai. Gutunik ez, bozka txartelik ez. Eta berea ez da gutunontzi huts bakarra. Kontu hauetan eskarmentu haundiagoa duten Celia eta Amaiak, suedian antzerako 'yincana' burokratikoan aritu ondoren, ezingo dute posta bidezko bozka eman.
Horrelako kontuek hauteskundeen emaitzetan eduki dezaketen eragina ez da batere arbuiagarria. Izan ere, igandean botoa emateko eskubidea duten eta atzerrian bizi diren pertsona guztien %8,4ak, 176.547k hain zuzen, bakarrik lortu du bozkatzeko eskabide formala aurrera eramatea. Eta jakin ezazue hauetako zenbat egongo diren Ainareren egoera berberean. Bozkatzeko sistema berebera duten beste populazio nabaria presoak dira. Espainiako estatuko espetxeetan une honetan 60.000 inguru daude, zeinak bozkatu nahi izanez gero postaz egin beharko lukete. Kasu hauetan, enbaxadarekin ez baina erroldatze kontuekin egoten dira arazo pila. Eta informazio zein sustagarri gutxi. Honen guztiaren hariari tiraka sareko bazterretan testigantza pila topa ditzakezue, nahi izanez gero, askoren eskubide konstituzionalak oztopatzeko egiten diren ahaleginen froga ugari.
Populazioaren portzentai handi bati parte hartzeko eskubidea ukatu ala, gutxienez, oztopatzen dion prozesu honek ze baliozkotasun duen galdetzen diot nire buruari lur hartu nuenetik. Gogoa kentzeko modukoa bada ere, kontu honek ez dit ostu boto emateko asmoa. Edo pribilegioa.