Arrotzak egiten zaizkigun bizipenak bizitzeko aukera bat da. Deseroso sentiarazten gaituzten sentimenduak sentitzeko baimena. Lo hartu ordez amesteko aitzaki perfektua. Begiak barnera begira jartzeko behar sahiestezina. Banakako otoitz kolektiboa.
Definizioz “jendaurrean gertaera sail bat irudikatzean datzan artea” bada ere, “antzera egitea” baino askoz gehiago da antzerkia. Aro digitaleko fede hegemonikoari eusten dion erritu pagano analogikoa da. Inperio erromatarreko lurraldeean dagoen galiako herrixka menderaezina.
Joan antzerkira! Eztabaidarako eta hausnarketarako plaza baita. Askatasun osoz sentitzeko, enpatizatzeko. Joan antzerki emanaldi bat ikustera, hau dena dela. Faulknerren hitzetan, gizakia bere buruarekin gatazkan ikusiko baituzue. Eta hori da ikustea merezi duen gauza bakarra. Antzerki tailer edo talderen batean izen eman ezazue! Zuen burua ezagutzeko aukera emango baitizue, zuen gorputzari arretaz entzuteko. Bizitza bizitzera behartuko zaituzte, sentimenduak taularatzeko hauek ezagutu edo ulertu behar bait dira.
Nola edo hala, sustatu antzerkia. Nahi duzuen modura, ez baitago liturgiarik. Zeuden arauak hausten goaz. Baina antzerkiaren mistikak iraun dezala!