Pasahitza (zaharra)

Troxler

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2019ko otsailaren 6a

Ilargian egon ohi garenok gertutik ezagutzen dugun ilusio optikoa da gaur buruan darabilten hau. Troxler efektua deritzo eta ziur azaltzerakoan zuetako batzuk itxura emango diozuela.

Inoiz, liburu orri bati ala margolan bati begira agian, pentsakor geratuko zineten ezta? Eta ez al zaizue iruditu aurrean zenituzten hitz ala irudiak pixkana itzaltzen zirela desagertu arte? Hori da ba Troxlerren desagertzea. Gure pertzepzio bisuala lausotzen duen trikimailua. Begiratzen ari garen irudia lanbroa balitz bezela estaltzen duena.

Eta zergatik gertatzen da hau? Ba, gure burmuinaren hutsegite batengatik. Geure neuronek bizigarri konstantea behar omen dute gertakari bat alde batera ez uzteko. Begiak mugitu egin behar dira erretinen bidez iristen zaigun informazio bisual guztia bildu dezagun. Beraz, irudi finko baten erdigunean hogei bat segunduz josiz gero, hau gure burmuinean itzaldu egingo da. Fenomeno bitxia ezta? Aspalditik daramat “Troxler efektua” ohartxo moduan idatzita mugikorrean, halako batean zuei hontaz hitz egiteaz ez ahazteko. Izan ere, sekulako analogiarako bidea ematen duela iruditu zitzaidan. Eta dagoeneko jakingo duzue gauzak estrapolatzea zeinen gustuko dudan...

Ez al duzue uste gure portaera emozionalak batzuetan efektu honekin paralelotasunak izan ditzakeela? Pare-parean ditugunak segurutzat jotzen hastean desagertzen hasten direnean, adibidez. Inguruan ditugun emozio iturburuei estimulu konstanteak eman ezean, euren emozioak jasotzez uzten dugula? Ez dakit hari-haritik hartutako konparaketa ez ote den. Baina mugikorreko ohartxoa ez dudala ezabatuko aitortzen dizuet. Noizean behin irakurri eta estimulu berritzaile bezala joka dezan. Alegia optiko hontatik atera dudan irakaspen alegorikoa nire burmuinak itzal ez dezan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!