Beldur hori sentitu ez duenak ziur etorkizunaren ikuskariaren ikusnahia sentitu duela. Edo egin nahiko genukeen guztia egiteko denbora faltagatiko amorrua. Ondotxo daki hori Cecryon enpresak, hori dela eta dabil gure istorioen amaiera puntua puntu eta jarrai bihurtzeko agintza kapitalizatu nahiean. Euren zerbitzua kontratatzen duten bezeroen gorpuak, zero azpitik 196 gradutara kriopreserbatuko dituzte ehun urtez gutxienez. Aurrerakuntza teknologikoek hildakoak berpiztea ahalbidetu arte, zehazki. Eta 200.000 euroren truke, BEZ-rik gabe, zehatz-mehatz. Berpizte fisiko baten kontzeptua bera errotik ukatuko nuke, nahikoa balentria egiten bait ditugu bizitza oso baten iragate azkarrean. Baina gainera gizarte-maila oso konkretu bateko istorioek soilik izango badute bigarren emanaldia: ez eskerrikasko. Eta ez hasi jeinu handien talentuak berreskuratzeko aukeraren argudioa botatzen niri, etorkizunean gure garaiko jeinuen beharra izango dutela pentsatzea handimandikeria bat da eta. Ziur etorkizuneko gizakiek euren jeniuen uzta propioa jasoko dutela.
7.672.000.005, 7.672.000.006...
Baino zer demontre da kriopreserbazioa? Nola liteke izoztutako gorputz bat berpiztea? Kriopreserbazioa zelulak edo ehunak oso tenperatura baxuetan izoztean datza, hauek bizi etendura egoeran denbora luzez mantenduz. Zelula edo organismoetan ematen diren erreakzio guztiak gelditzean heriotza dakarten erreakzioen garapena galarazten delarik. Berpiztearen kontua berriz… ez da hain samurra. Gure gorputza ez dago izozten eta desizozten aritzeko prestatua, geure zelulak izoztean izotz kristalez betetzen dira, zeinak hedatu eta geure zelulen hormak hausten dituzten. Zuzenean berotuz gero, geure zelulek artahiaren trinkotasuna edukiko lukete.Handicap hau gainditzeko bi bide nagusi aurreikusten dira oraingoz: bitrifikazioa eta lotura neuronalen kodetzea. Lehenengoa ugalkortasun tratamenduetan erabilitako tekniketan frogatu da dagoeneko, odola soluzio kimiko batekin ordezkatzean datza baina ez du arrakastarik lortu egitura handi eta konplexuagoekin klinikoki frogatzean. Bigarrena berriz, oraingoz fikzio nobeletan besterik ez da frogatu: geure kriopreserbatutako burmuinen lotura neuronalak aztertuz hauek kodetu eta geure oroitzapenak zein pertsonalitatea ordenagailu batean deskargatzea.
7.672.000.007, 7.672.000.008...
Ez nuke giro futurista hondatu nahi, baina uste dut kontratuko ehun urteak motz geratuko zaizkiela Cecryonen bezeroei. Albistegietan honen inguruko zerbait entzungo zenuten ziur, sekulako alamena ematen baitabiltza. Zerbitzu hau Europan lehenengo aldiz eskainiko baita balentziako enpresa hontan. Generalitateak nik haina zimurtu du kopeta honen aurrean ordea, txosten informatibo bat osatzen ari baitira salerosketa iruzur bezala sailkatu daitekeen aztertzeko. Baiezkoan nago ni. Heriotzari baino ziur guri iruzur egitea errazagoa dela. Eta gainera, lortuko bagenu… nola lortu horrenbeste jendearentzako baliabideak? Horretan bai ezin iruzurrik egin. 7.672.000.009...